Legazpiko Euskara Mahaia sortzeko lehen bilera egingo dute gaur
Bilera irekia izango da, 18:00etan, Kultur Etxean. Aroa euskara planaren barruan jasotako erronkei erantzutea izango du helburu.
Legazpiko Aroa euskara planaren lanketa prozesua amaitu du udalak, baina planean jasotako erronkei erantzuteko Euskara Mahaia sortzea beharrezkoa ikusi du. Mahai edo talde hori herrian euskararen erabilera eta sustapena bultzatzeko gune parte hartzailea izango da, eta gaur egingo du lehen bilera, 18:00etan, Kultur Etxean. Interesa duten herritar guztiak daude gonbidatuta bilerara.
Euskara Mahaiak hainbat funtzio izango ditu. Batetik, Aroa planaren urteko kudeaketa plana osatuko du, eta planaren jarraipena ere bai. Horrez gain, bere zeregina izango da planari ekarpenak eta proposamenak egitea, baita balorazioa egitea ere.
Lehen saio honetara joan nahi dutenek inkesta labur bat bete eta izena eman behar dute udalaren legazpi.eus webgunean.












