Aranguren Txiki baserria botatzen hasi dira Ormaiztegin
Gaur goizean hasi dituzte lanak. 2024Ko urtarrilean gertatu zen luiziaren eraginez hartu dute erabakia.
Ondeamakinak Aranguren Txiki baserria botatzen, gaur goizean.Angel Elorza Ormaiztegiko beheko auzoan kokatuta dagoen Aranguren Txiki baserria eraisten hasi dira gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren aginduz. Angel Elorza Aranguren Txikin jaio zen eta “tristuraz” ari da bizitzen gertaera.
2024ko urtarrilaren 6tik 7rako goizaldean lur-jausi handi bat gertatu zen Aranguren Txiki baserritik 10 metrora. Luizia A-636 errepideko hirugarren irteeran gertatu zen, GI-2632 errepidearekin lotzen den puntuan. Bi pertsona bizi ziren une hartan baserrian, baina ez ziren kaltetuak suertatu. Luiziak baserriaren azpitik pasatzen den errepidean ere ez zuen nabarmentzeko kalterik eragin.
Bidegiko teknikariek eta Ertzaintzak hainbat azterlan egin zituzten lur-jausia gertatu eta segituan, etxebizitzaren eta ingurune geologikoaren egonkortasuna zenbaterainokoa zen neurtzeko. Teknikarien azterketaren emaitzak ez ziren aldekoak izan eta “segurtasunagatik” baserria eraisteko erabakia jakinarazi zien baserriko jabeei. Kareharrizkoa da ingurune guztia, erraz puskatzen da eta ondorioz, eremua ezegonkorra da.
Pasa den astean eman behar izan zizkieten baserriko giltzak Elorza sendikoek aldundiko teknikariei. Uste baino azkarrago hasi dira eraisketa lanak, gaur bertan. Baserriaren ataria hasi dira botatzen gaur. Jarraitu aurretik, errepide ondoko mendi zatia egonkortuko dutela uste du Elorzak, ezustekorik geratu ez dadin.
Aranguren Txiki baserria beheko auzoan geratzen diren baserri apurretatik azkenetarikoa da eta berarekin joango da, Ormaiztegiko historiaren zati bat.













