«Ezinbestekoa iruditzen zaigu Euskal Herriko gazteriaren artean kontzientzia antifaxista garatzea»
Joera erreakzionarioei aurre egin eta «bereganatu nahi dituzten kaleetan antolatuta» daudela erakusteko, larunbatean mobilizatzera deitu du Gazte Koordinadora Sozialistak.
Miren Arratibel eta Beñat Saez de Urabain Goierriko GKSko kideak.Hitza Manifestazioak deitu ditu Gazte Koordinadora Sozialistak Bilbon eta Iruñean urtarrilaren 31n, larunbatean. Goierriko GKSk Bilbora joateko deia egin du, eta autobusak antolatu ditu eskualdetik joan nahi dutenentzat. Argi dute «faxismoaren zein estatuen erreforma autoritarioaren aurka dagoen gazteria antifaxista indartsu bat dagoela erakusteko momentua» dela, eta nabarmendu dute ideia erreakzionarioen aurrean Euskal Herria ez dagoela «ematen ari diren joeretatik salbu».
Manifestazioa deitu duzue Bilbon. Zeren aurka mobilizatuko zarete?
B. SAEZ DE URABAIN: Bai, hori da. Gure kasuan, hitzordu garrantzitsua dugu urtarrilaren 31n Bilbon. Bertan, langileriaren aurkako joerak diren bi auziren kontra mobilizatuko gara: alde batetik, faxismoaren gorakadaren aurka eta, bestetik, mendebaldeko estatuen biraketa autoritarioaren aurka.
M. ARRATIBEL: Aipatutako bi joera orokor horien aldeko apustua egin dute Amerikako Estatu Batuetako eta Europako oligarkiek. Horregatik, geroz eta nabarmenagoa da mugimendu faxista berri baten artikulazioa: bai herrialde desberdinetako parlamentuetan (AfD Alemanian edo Vox Espainian) zein kale mailan (Nucleo Nacional edo Desokupa bezalako talde faxistak, esaterako). Faxismoaren gorakadak, gainera, bidea errazten dio estatuen erreforma autoritarioari.
«Faxismoaren gorakadak bidea errazten dio estatuen erreforma autoritarioari»
Azken egunetan aldarriak nonahi ikusi ditugu Goierriko hainbat herritan. Zergatik da hain garrantzitsua urtarrilaren 31n mobilizatzea?
ARRATIBEL: Esan bezala, nabarmen hazi dira talde faxistak eta horren eskutik ideia erreakzionario eta atzerakoiek lekua irabazi dute gazteen artean. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu Euskal Herriko gazteriaren artean kontzientzia antifaxista garatzea; hain justu, horretara etorri dira herriz herri antolatu zein zabaldu ditugun ekimen eta aldarria, baita mobilizazioa bera ere.
SAEZ DE URABAIN: Mirenek esandakoari tiraka, urtarrilaren 31n Bilbon faxistei aurre egingo dien indar antolatua egon badagoela erakutsi behar dugu; argi utziz bereganatu nahi dituzten kaleetan asko garela, antolatuta gaudela eta ez direla pasako.
Eta Goierrin faxismoaren zantzurik nabari duzue?
ARRATIBEL: Euskal Herriko hainbat txokotan pegatina, kartel zein pintada faxistak azaldu diren arren, egia da, oraingoz, Goierrin halako aldarrikapenek ez dutela indar handirik gorpuztu. Hala ere, uste okerretatik urrun, Euskal Herriak DNA antifaxista duela pentsatzen bada ere, kontziente izan behar gara ez gaudela ematen ari diren joeretatik salbu; bestela esanda, ez ditugu euskalduntasuna eta antifaxismoa berdindu behar, ezta hurrik eman ere.
«Ez ditugu euskalduntasuna eta antifaxismoa berdindu behar, ezta hurrik eman ere»
SAEZ DE URABAIN: Urrutira joan gabe, adibide garbia duela pare bat aste inguru, Lazkaoren eta Azpeitiaren arteko partidan entzundako irain arrazistak ditugu. Salbuespena izatetik urrun, mota horretako gertakariak gero eta ugariagoak dira gure artean ere.
Nola egin diezaiokegu aurre faxismoari?
ARRATIBEL: Alde batetik, langile klaseko kideok indarrak batu behar ditugu faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka. Izan ere, urgentziazkoa da joera erreakzionarioei eta estatuetatik datozen neurri antiproletarioei aurre egingo dien fronte indartsu bat osatzea.
SAEZ DE URABAIN: Zentzu horretan, faxismoari kaleetan aurre egin behar zaiola argi dugu. Eta horrekin batera, gure artean zabaltzen diren eta aipatu ditugun joera eta ideia erreakzionarioak konfrontatu behar ditugu, horien argudio irrazionalak seinalatuz eta desmuntatuz. Norabide horretan kokatzen dugu guk urtarrilaren 31n egingo ditugun manifestazioak: faxismoaren zein estatuen erreforma autoritarioaren aurka dagoen gazteria antifaxista indartsu bat dagoela erakusteko momentua da.
«Faxismoaren zein estatuen erreforma autoritarioaren aurka dagoen gazteria antifaxista indartsu bat dagoela erakusteko momentua da»
Zer egin behar du manifestaziora joan nahi duenak?
SAEZ DE URABAIN: Autobusak antolatu ditugu Bilbora joan eta etortzeko. Tiketak salgai jarri ditugu eta horiek lortzeko bi modu daude: Goierriko GKSko sare sozialen bitartez edo taberna desberdinen bidez (Ordiziako Kirkilen, Beasaingo Xuberren, Zaldibiako Beti Gazten, Legazpiko Giroan eta Urretxu-Zumarragako Aituben).













