Hemezortzi bertsolari gazte Osinalderako lehian
Apirilaren 11n Gabirian jokatuko den Osinalde Sariketarako kanporaketetan parte hartuko duten bertsolarien izenak jakinarazi dituzte antolatzaileek. Tartean bi goierritar daude. Berritasunik ere bada, iaz Ordizian egin bezala, Aztiriako kanporaketa eta Osinaldeko finala bertso-bazkaria formatuan jokatuko dira aurten. Zaldibiako gauez jokatuko da.
Sei bertsolariak, Ane Etxezarreta aurkezlearekin, iaz, Osinalde Elkartean.Bertsoa.eus Bertsolari gazteentzako Osinalde Sariketaren antolatzaileek jakinarazi dituzte dagoeneko aurrez jokatuko diren Argi-Berri, Osinberde eta Aztiria sarietan kantuan ariko diren bertsolarien izenak. Ohi bezala hemezortzi dira, kanporaketa bakoitzeko sei, eta tartean bi goierritar daude: June Aiestaran (Beasain, 2006) eta Mikel Etxezarreta (Olaberria, 2003). Lehenak Zaldibian abestuko du, bigarrenak Aztirian.
Aurtengorako bada berritasun nabarmen bat. Iaz arte Osinalderako baliagarriak diren hiru sariketak eta Gabiriako finala bertso-afari modura jokatu izan ziren, baina Ordizian bertso-bazkari modura antolatu zuten iazkoa, eta bide bera hartu dute aurten Aztirian eta Gabirian. Zaldibiakoa izango da aurten orain arteko moldean jokatuko den saio bakarra.
Martxoko azken hiru larunbatetan jokatuko dira Osinalderen aurreko hiru bertso-sariketak: Martxoaren 14an Ordiziako Argi-Berri saria, 21ean Zaldibiako Osinberde saria eta 28an Aztiria saria. Gabiriako finala Pazko Asteko larunbatean da, apirilaren 11n.
ARGI-BERRI SARIA
- Eguna: Martxoak 14
- Ordua: 14:00
- Lekua: Ordiziako Argi-Berri elkartea
- Bertsolariak: Haira Aizpurua (Sara, 2006), Irantzu Idoate (Hazparne, 2005), Naia Arrizabalaga (Azkoitia, 2004), Maite Sarasola (Deustu, 2001), Danel Etxeberria (Tolosa, 2007) eta Peru Irastortza (Algorta, 2001)
OSINBERDE SARIA
- Eguna: Martxoak 21
- Ordua: 20:30
- Lekua: Zaldibiako Joxepane taberna
- Bertsolariak: Maddi Agirre (Gasteiz, 2005), Eki Mateorena (Leitza, 2005), June Aiestaran (Beasain, 2006), Danel Herrarte (Aramaio, 2004), Irune Basagoiti (Ermua, 2002) eta Beñat Astiz (Barañain, 2004)
AZTIRIA SARIA
- Eguna: Martxoak 28
- Ordua: 14:00
- Lekua: Gabiriako Aztiri Bat elkartea
- Bertsolariak: Iruri Altzerreka (Garai, 2000), Mikel Etxezarreta (Olaberria, 2003), Joanes Azpillaga (Azpeitia, 2007), Jon Mendiluze (Irura, 2005), Ekain Alegre (Altsasun, 2001) eta Janire Arrizabalaga (Gernika, 2003)













