Urte berrirako ohikoa baino aurrekontu handiagoa du Ataunek
4.086.719,80 euroko aurrekontua izango du; azken urteetako handiena. Diru partida osoaren erdia baino gehiago bideratuko da inbertsioetara. Martin Aramendi alkatearentzat «nahitaezkoa» da «elkarrekin lanean jarraitzea».
Ataungo Botika-etxeko lanak, iazko udazkenean. Laida Goiburu Ataungo Udalak 4.086.719,80 euroko aurrekontua izango du hasi berri dugun 2026. urterako. Abenduaren 18ko udalbatzan aho batez onartu zuten bi udal taldeek. Ohikoa baino nabarmen aurrekontu altuagoa izango du aurtengoan, ondo bidean, bi proiektu nagusi gauzatuko dituztelako: Botika Etxea zaharberritzen amaitzea eta udaletxeko bulegoak berrantolatzea. Inbertsioetarako 2.135.110 euro bideratu ditu.
2026eko aurrekontua osatzen duten kontu-sail nagusien artean daude, besteak beste, langileen gastuak (749.000€ bideratuko dira); eraikinen, instalazioen, auzoen eta bideen mantentze-lanak (597.719€); elkarte eta erakundeen hitzarmenak (223.690€); gizarte politikak (95.200€); eta festak zein kultur jarduerak (128.000€). Hori gutxi ez, eta beste 158.000€ bideratuko dira aparteko lan batzuetarako, hala nola kreditu globala, zerbitzuen kontratazioa, irisgarritasun unibertsalaren azterlana, gastu juridikoak, eta abar.
Funtsezko inbertsioak
Urte itxaropentsua izango da ataundarrentzat, esku artean dituzten zenbait proiektuk forma hartuko baitute. Horien artean da Botika Etxea, San Martingo plazaren erdian kokatzen den 159 metro karratuko eraikina; zaharberritze prozesua bere amaierara iristea espero da, eta urte luzeetan izan duen balio soziokulturala berreskuratuta, herriko erdigunearen pizgarri izatea nahi dute. Hori dela eta, horretara bideratuko dute inbertsioetarako diru partidaren zati handi bat.
Bestalde, baserri-bideak konpontzera, udaletxeko bulegoak berrantolatzera, gimnasio berriko ekipamenduak erostera, Altzanipe eta Lizardi atzealdea txukuntzera, Olalde atzeko aparkalekua berritzera, Hirigintza planera, lursailak erosi eta habitatak berreskuratzera, landa-lurren mugatze digitalera, museoko sistema informatiboa berritzera, hiru auzuneetan desfribiladoreak jartzera eta Auzoeta kiroldegiko ateak konpontzera ere bideratuko dute.
Martin Aramendi alkatearen esanetan funtsezkoa izango da urte berrirako izendatu dituzten lan eta proiektu guztietan «elkarrekin lanean jarraitzea»: «Nahitaezkoa da elkarlanean lanean jarraitzea, elkarrekin eta elkarrentzat, komunitatea egiten eta sendotzen, bizitzeko moduko herria izan dadin Ataun guztiontzat».













