50 urtean 50 ale, eta gehiago
Mende erdi urte beteko ditu aurten ataundarren ‘Nondik’ aldizkariak. 1976an sortu zen, eta 50 urteko ibilbidean 50 ale argitaratu dituzte. Horiek ikusgai jarriko dituzte gaur.
'Nondik' aldizkariaren urteurreneko erakusketaren azala. Atauniker Ataungo kultura-bizitzaren parte esanguratsua bihurtu da mende erdiko ibilbidea osatu berri duen Nondik aldizkaria; orain 50 urte argitaratu zuten aldizkariaren aurreneko alea, eta gerora etenak izan baditu ere, ibilbide guztian zehar egindakoak gogoratzeko eta bidearen parte izan diren herritarrei aitortza egiteko Nondik aldizkaria. 50 urte, 50 ale aurkezpen-erakusketa berezia egingo dute gaur arratsaldean Ataungo Herri Antzokiko hall-ean, 19:00etan hasita, ordubetez.
1976az geroztik
Ez da gutxiagorako, ez baita makala izan 50 urte hauetako ibilbidea. 1976an sortu zen, garai hartako Oargi-Troskaeta gazte elkarteko kideen ekimenez; 16 eta 30 urte bitarteko 144 gaztek osatzen zuten garai hartan elkartea, eta bazkideak lortzera begira, euskal prentsari bultzadatxo bat ematea erabaki zuten. Hain justu, euskal prentsaren urtea izan zen hura, edo hala izendatu zuten behintzat Anaitasuna, Goiz Argi eta Zeruko Argiak aldizkariek.
Euskal prentsaren aro horri tiraka hasi ziren ataundarrak ere herriaren inguruan idazten. Ordutik, Ataunen egin izan diren kultura jarduerak, transmisio lanak, ondare bilketak zein historia azterketak jaso dituzte, baita herrian urteetan zehar eman izan diren askotariko arazoak, efemerideak zein ekitaldiak ere. Ehunka kolaboratzaileren ekarpenekin osatu da, eta urte hauetan guztietan herritarren zein kanpoko lagunen iritzi, kontakizun eta gogoetak bildu ditu.
Ekinean jarraitzea
Geldiune batzuk ere izan zituen aldizkariak. Aurreneko urteetan bi ale besterik ez zituzten argitaratu, eta aurreneko geldialdia etorri zen ostera, berariaz belaunaldi aldaketa ekarri zuena. Jende berria antolakuntzara batu, eta 1992ra arte, beste 24 ale argitaratu zituzten. Aldizkariaren aleak online ikusgai egoteaz gain, paperean urteko ale bana argitaratzen zuten eta herriko etxe zein baserri guztietan banatzen zituzten, dohainik. Urte mordo bateko geldialdia etorri zen gero, eta 2007an berrartu zen, Atauniker Kultur Elkartearen ekimenez. Ordutik, hura izan da bultzatzaile nagusia, eta 50 aletara iristea lortu dute, iragan abenduan argitaratutako azken alearekin. Urteurrena aitzakiatzat hartuta gogoratuko dute ibilbidea: aleez gain, albisteak zein berriak idatzi izan dituzten idazleen izen-zerrendak ikusgai jarriko baitira.
«Herriari eta bertako kulturari eusten jarraitzea eta belaunaldi zein pentsamendu ezberdineko herritarrak elkarren artean lotzen jarraitzea da gure asmoa, eta bide batez, idazkuntza bultzatzea»
Jexux Aizpurua. Atauniker elkarteko kidea
Jexux Aizpurua Ataunikerreko kideak azaldu du urteetan «harrera ona» izan duen aldizkaria izan dela, eta ziurtatu du aurrera egiteko «nahikoa indar» dagoela oraindik: «Herriari eta bertako kulturari eusten jarraitzea eta belaunaldi zein pentsamendu ezberdineko herritarrak elkarren artean lotzen jarraitzea da gure asmoa, eta bide batez, idazkuntza bultzatzea». Ataungo Joxemiel Barandiaran Eskolako irakasleek urtero-urtero egiten duten ahalegina ere azpimarratu nahi izan du: «Ez da kasualitatea bertako ikasleek Euskal Herri mailako sariak irabazi izana, ez eta urte luzeen ondoren Eguzki berri aldizkaria ere argitaratzen jarraitzea. Harrobia badago, Ataunen hori ez da sekula bukatzen».
Ildo horretatik, gaur arratsaldean ikusgai izango diren erakusketako ale guztiak online dituztela ziurtatu du; hala, erakusketara bertaratzen diren herritarrek aleren bat nahiko balute, Atauniker Kultur Elkarteko kideren bati eskatzeko zein elkartearen helbide elektronikora (ataunikertaldea@gmail.com) mezua bidaltzeko aukera izango du.












