Beasaingo azokak 100 urte bete ditu
Mendeurrena ospatzeko bi eguneko egitaraua osatu du udalak: otsailaren 2an azokaren bilakaeraren eta erronken inguruko mahai-ingurua izango da, eta otsailaren 3an azoka berezia.
Ezker-eskuin: Elena Ruiz merkataritza zinegotzi delegatua, Leire Artola alkatea eta Ane Egurtza merkataritza teknikaria, plaza azpian, ekimenaren aurkezpenean.Laida Goiburu Beasaingo astearteroko azoka ofizializatu zenetik ehun urte bete dira, eta udalak mendeurrena ospatzeko ekintza bereziak antolatu ditu datorren asterako. Otsailaren 2an azokaren bilakaeraren eta erronken inguruko mahai-ingurua izango da, eta otsailaren 3an, astearteroko azoka apartekoa izango da. Udaletxean prentsaurrekoa egin dute Leire Artola alkateak, Ane Egurtza udaleko merkataritza teknikariak eta Elena Ruiz Herritar saileko Merkataritza azpisaileko zinegotzi delegatuak mendeurreneko ospakizunen berri emateko.
Artolak azaldu du mendeurrena “ez dela efemeride huts bat”, eta ehun urte pasatu direnean urtemuga baliatu nahi dutela azoka “Beasaingo herriaren historia, bilakera eta eguneroko bizitza ulertzeko ezinbesteko elementu” dela aldarrikatzeko. “Belaunaldiz belaunaldi, asteartero, azokak Beasaingo ekonomia, elikadura ohiturak eta gizarte harremanak elikatu ditu, baserria eta erdigunea lotu ditu, eta lehen sektorea erdigunean jarriz, gertutasunean, konfiantzan eta zuzeneko harremanetan oinarritutako eredua iraunarazi du”. Azoka “topagune” izan da urtez urte alkatearen esanetan: “Berriketa egiteko, harremanak sendotzeko eta herri nortasuna eraikitzeko espazio bizia”.
«Belaunaldiz belaunaldi, asteartero, azokak Beasaingo ekonomia, elikadura ohiturak eta gizarte harremanak elikatu ditu, baserria eta erdigunea lotu ditu, eta lehen sektorea erdigunean jarriz»
Leire Artola. Beasaingo alkatea
Ehun urtetan gizartea aldatu da, erosketa ohiturak aldatu dira, “formak, kokapenak eta erritmoak aldatu dira”, baina “muinak bere horretan” jarraitzen duela nabarmendu du Artolak. Udalak antolatu dituen ekintzak iraganari begiratzen dio, baina batez ere etorkizunean jarri dute arreta: “Azoka egitura bizia delako, garai bakoitzeko erronketara egokitzeko gai izan delako eta etorkizunean ere izango delako”.
Juantxo Unanuaren liburua, argitaratzear
Bere hitzartzea amaitu aurretik, Juantxo Unanua Artolain beasaindarrak ondutako Astearteko azokak mendea bete du liburuari egin dio erreferentzia. Otsailaren hasieran emango dute argitara “azokaren memoria kolektiboa” jasotzen duen lanak. “Xehetasunez eta hunkigarritasunez, herri honi egindako ekarpen baliotsua izango da”, zehaztu du alkateak. Eta amaitzeko, mendeurrenak “gonbidapen argia”egiten duela azpimarratu du: “Zaindu dezagun azoka, zaindu dezagun baserria, eta horiekin batera, zaindu dezagun Beasaingo bihotza”.
«Azoka ez da iraganeko kontu bat, egungo eta etorkizuneko tresna estrategiko bat baizik»
Elena Ruiz. Herritar saileko zinegotzia
Ruiz zinegotziak azokaren eta merkataritzaren sustapenean egindako lana izan du hizpide. Azaldu duenez, udalak argi dauka “azoka ez dela iraganeko kontu bat, egungo eta etorkizuneko tresna estrategiko bat baizik”. Tokiko merkataritzaren erakusle nagusietako bat den hori sendotzeko, besteak beste, “azokaren presentzia komunikazio kanaletan indartzen, egitarau bereziak antolatzen edo ekoizle eta baserritarren parte hartzea errazten” du urtean zehar: “Azkenean azokaren balio soziala eta ekonomikoa agerian jartzea da gure nahia”. Urteroko azokarako bonuak, ekoizleei ematen zaizkien diru-laguntzak, Tori banaketa sistema, Agenda 20230ari lotutako ikastetxeetan egindako proiektuak edota urtean zehar egindako azoka bereziak aipatu ditu adibide gisa Ruizek. “Guretzat azoka herri proiektu bat da”.
Amaitzeko, Egurtza merkataritza teknikariak mendeurrenaren harira antolatutako egitarauaren berri eman du, eta herritarrak gonbidatu ditu astelehenean eta asteartean izango diren ekitaldietan parte hartzera.

Ezker-eskuin: Ane Egurtza merkataritza teknikaria, Leire Artola alkatea eta Elena Ruiz merkataritza zinegotzi delegatua, udaletxean egitaraua aurkezten.Laida Goiburu
Egitaraua
Otsailak 2, astelehena
- 18:00-20:00. Azoka lehen, orain eta etorkizunean mahai-ingurua Igartzako jauregian. Hizlariak: Juantxo Unanua azokako eroslea, Josetxo Mendia (Zegamako Altzibar baserria) azokako ekoizlea, Maria Luisa Urrestarazu (Arriarango Ondarre baserria) azokako ekoizlea, Manex Aranburu Goimen eskualdeko landa garapen elkarteko teknikaria, Carmen Gimeno eskualdeko nekazaritza bulegoko burua. Dinamizatzailea: Izaro Iraeta.
Otsailak 3, asteartea
- 08:30etik aurrera.
- Lanbide zahar batzuk gogoratuz erakusketa, Loinazko San Martin plaza azpian.
- Abarkak egiten dituen, haria iruten duen eta pilotak egiten dituen artisau banaren erakustaldia, Loinazko San Martin plaza azpian.
- Garai bateko nekazaritza lanabesen erakusketa, Zubimuzu plazan.
- Goizean zehar. Azokaren inguruko argazkien erakusketa, Loinazko San Martin plaza azpian.
- 10:30. Kaxolako Iker Markinezek azokako produktuekin prestatutako pintxo-dastaketa, doan, Loinazko San Martin plaza azpian.
- 10:30-11:30. Loinatz Musika Eskolako trikitilari eta pandero jotzaileek azoka girotuko dute.
- 13:00. Azokako baserritarrei eskainitako hamaiketakoa, udaletxeko batzar aretoan.












