‘Burdinaren koloreak’ jarduera, igandean
Zumalakarregiko ‘Gipuzkoa behin betiko’ erakusketaren osagarri antolatu dute ekimena.
Van den Driessche harriei buruzko azalpenak ematen. Zumalakarregi Zumalakarregi museoak 8 eta 12 urte arteko seme-alabak dituzten familientzako egun osoko jarduera antolatu du iganderako, Burdinaren koloreak izenburupean. Bi saiotan banatuko da, txangoa egingo dute goizean eta ikastaro praktiko bat arratsaldean. Gipuzkoa behin betiko: lurraldea XIX. mendean erakusketaren baitan antolatu dute eta Koen Van den Driessche geologoak gidatuko du.
Zumalakarregi museoan elkartuta (10:00) emango diote hasiera txangoari. Troi barrutia, Gezurmuño eta Mañastegizarrera inguratuko dira. Ibilbidean zehar, Van den Driesschek eskualdeko ingurunearen geologiaz hitz egingo du eta burdinetik lor daitezkeen koloreei buruzko bitxikeriak kontatuko ditu. Bakoitzak bere ibilgailua eraman beharko du. Norbaitek garraioa lortzeko arazoren bat badu, museoarekin harremanetan jar daitezke.
Bazkaltzeko tarte bat hartu eta gero, arratsaldean (16:30etik 18:30era) emango diote jarraipena jarduerari Zumalakarregi museoan. Goizean ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango da lurretik lor daitezkeen baliabideekin marrazkiak eginez. Antolatzaileek mantala eramatea gomendatu dute.
Izen ematea irekita
Prezioa 5 eurokoa izango da haur bakoitzeko eta helduak doan. Museoko familia txartelarekin prezioak %50eko deskontua du. Arratsaldeko saiora heldu bakarra joan daiteke haur bakoitzeko. Izena emateko mzumalakarregi@gipuzkoa.eus helbidera idatzi edo 943 88 99 00 edo 659 434 566 zenbakietara deitu daiteke.












