Idazketa ikastaroak antolatu ditu Legazpiko Udal Liburutegiak
Bi izango dira, bata euskaraz eta bestea gazteleraz. Martxoan hasiko dira eta astelehenean irekiko da izenak emateko epea. Irakurtzea eta idaztea gustuko duten 16 urtetik gorako herritarrei zuzenduta daude.
Idazketa tailerrak antolatuta, «hitz idatziaren bidez sormena, hausnarketa, elkartrukea eta adierazpena sustatzeko xedea» duen kultur proposamena egin du Udal Liburutegiak. Bi tailer izango dira, bata euskaraz eta bestea gazteleraz, eta martxoan hasiko dira. Irakurtzea eta idaztea gustuko duten 16 urtetik gorako herritarrei zuzenduta daude, eta ez dute aurreko prestakuntzarik eskatzen.
Izena emateko epea otsailak 2 irekiko da. Liburutegian bertan. 943 73 71 86 zenbakira deituta, 639 851 172 zenbakira WhatsApp mezua bidalita edo liburutegia@legazpi.eus helbidera idatzita eman daiteke izena.
Irakurketa eta idazketa
Euskarazko saioak Oihana Aranak gidatuko ditu, eta martxoaren 25ean, apirilaren 22an, maiatzaren 20an eta ekainaren 19an izango dira, 18:00etatik 20:00etara. Gaztelerazkoak Monica Leivak egingo ditu, martxoaren 19an, apriliaren 9an, maiatzaren 14an eta ekainaren 11n, ordutegi berdinarekin. Biak liburutegian izango dira
Giro atseginean eta parte hartzailean idazteko trebetasunak lantzea eta sormen literarioa sustatzea da jarduera honen helburua. Saioetan, hainbat ariketa praktiko egingo dira, testuen irakurketa eta analisia landuko dira, eta partaideen lanen inguruko iruzkinak partekatuko dira. Irakurketaren eta idazketaren arteko elkargune izateko planteatu dituzte saioak. Parte hartzaileek hainbat narrazio molde aztertzeko aukera izango dute, eta hizkuntzaren erabilera landu eta ahots propioa garatuko dute. Ariketa gidatuen eta testu hautatuen bidez, idazketaren prozesuari hurbilketa zaindua eskainiko zaie.












