Inausketa lanetan murgilduta dago udaleko lorezaintza zerbitzua
Beste lan batzuk ere baditu aurreikusita, Agirre Etxeberriko lorategian hainbat zuhaitz botatzea eta herriko hainbat gunetan landaketak egitea, besteak beste.
Agirre Etxeberriko lorategian botako duten ezkia.Legazpiko Udala Legazpiko Udalak kontratatuta duen lorezaintza zerbitzua inausketa lanetan dabil murgilduta aste hauetan, baina datozen hilabeteetan zehar hainbat jarduera egingo ditu udalerriko berdeguneak eta espazio publikoak mantentzeko eta hobetzeko.
Inausketarekin batera, belar mozketa, landaketa berriak, lorategien egokitzapena eta parke zein gune berdeen mantentze lanak egingo ditu, “herriaren irudia hobetzeko eta herritarren ongizatea sustatzeko” helburuarekin.
Beste lan batzuk ere egin beharrean dago, Agirre Etxeberrin. Lorategi horretan dagoen ezki bat, Haztegi ikastola parean dagoena, gaixorik dago. Onddoak ditu, eta horiek usteldurak eragin dizkio. Horregatik, bota egin beharko dute datozen egunetan. Hain zuzen, iaz bere bikotea bota behar izan zuten arrazoi berdinagatik, eta biak ordezkatzeko, bi ale gazte landatu dituzte.
Beste bi zuhaitz gehiago ere bota beharko dituzte Agirre Etxeberrin, indigaztainondo lehorra eta gaztainondo arrunta ere gaixorik daudelako, bereziki gaztainondoei eragiten dieten onddoekin horiek ere. Behin botatakoan, zuhaitz gazteak landatuko dituzte.
Inausketa kanpaina, berriz, Urtatzan, kiroldegi parean eta Bikuñan egin dituzte, eta Olamendi eskolako atzealdean, Arantzazu, San Joan, San Ignazio, San Martin, Itxaropen, Juanastegi, eta geltoki inguruan jarraituko dituzte otsailean zehar.
Ondoren, landaketak egingo dituzte Plazaolan, San Ignazion Muru inguruan, erdigunean, Urtatzan eta Laubiden












