Xabi Zurutuzaren fan klubak 2.000 euroko txekea entregatu dio moto pilotuari
Fan klubaren egoitza den Karibe Zaharra tabernan eman dio dirua Igor Romarazabalak. Denboraldi berriaren prestaketan dago murgilduta Zurutuza. Taldea aldatuko du aurten, eta bigarren urtez egingo du Europako txapelketa, Moto 2 kategorian.
Xabi Zurutuzaren fan klubak 2.000 euroko txekea entregatu dio moto pilotuari gaur arratsaldean. Igor Romaratezabalak eman dio dirua legazpiarrari, fan klubeko egoitza den Legazpiko Karibe Zaharra tabernan.
Zurutuza denboraldi berria ari da prestatzen Murtzian (Espainian), eta Legazpira atseden hartzeko etorritako egun hauetan, tarte bat hartu du bere jarraitzaileen ordezkariarekin elkartzeko. Gustura eta eskertuta jaso du dirua, motoziklismoa oso kirol garestia delako eta dena beharrezkoa duelako.
Bigarrenez Europa mailan
Europako txapelketan lehiatuko da aurten ere 20 urteko legazpiarra, Moto 2 kategorian, baina taldez aldatuko da bigarren denboraldi honetarako. Maila horretan debuteko urtea oso ondo amaitu du, emaitza onak lortuta, eta maiatzean hasiko denari begira, txapelketa irabaztea du helburu. Bartzelonako zirkuituan hasiko du denboraldia, eta gainerako lasterketak Espainiako, Portugalgo eta Italiako zirkuituetan izango dira.
Zurutuzak badu beste helburu bat, baina hurrengo urterako, 2027an mundu mailako txapelketara igotzea nahi baitu. Horretarako gogor lan egin beharko duela argi du, baina prest agertu da.
Lan horretan jarraitzaileen animoak eta babesa ezinbestekoak direla esan du, eta Legazpin sortutako bere fan klubak alde horretatik egiten duena eskertu du. Lasterketa egunetan Karibe Zaharra, Goiherri eta Zabaleta tabernetan egoten den giroaren berri baduela ere esan du, eta asko estimatzen duela.
Aldaketak fan klubean
Fan klubak, bestalde, laster hasiko du bazkide kanpaina berria, baina beste zuzendaritza talde batek gidatuta. Hala iragarri du Romaratezabalak, eta esan du duela bost urte kluba sortu zutenek alde batera egingo dutela, erreleboa hainbat legazpiarrez eta Zurutuzaren Murtziako jarraitzailek osatutako beste talde bati emateko.












