Zinta ederrena lortzeko lehia
San Blas jaietako egun handiak ospatuko dituzte, bihar hasi eta otsailaren 4ra bitartean Idiazabalen. Ohiko ekintza nagusiek osatzen dute egitaraua, baina aurten berrikuntza bat ere sartu dute. Kandelaria egunez, garai bateko zinta karreraren jolasa berreskuratuko dute.
Zinta karrera Idiazabalen, orain dela hamarkada batzuk hartutako irudian. Idiazabalgo Udala Badira denboraren joanean, ahanzturan erortzen diren ohiturak eta galtzen doazen usadioak. Garai batean, zinta karrera jolas ezaguna zen idiazabaldarren artean, baina 70. hamarkadarako desagertua zen herrian. Idiazabalen ez ezik, Goierriko herri askotan ere ezaguna zen, ohitura aldaketek eta jolas berrien etorrerak alboratu zuten arte. Belaunaldi berriei ezagutzera emateko asmoz, Adin Etxe jubilatuen elkarteak eta Xapobixi aisialdi taldeak jolas hau berreskuratzeko ahalegina egin dute eta San Blas jaietako egitarauan sartu dute ekintza, belaunaldien arteko loturak sustatu asmoz. Kandelaria egunez egingo dute, otsailaren 2an, 15:30ean plaza nagusian.
Pello Urkia idiazabaldarrak ondo gogoan du garai bateko zinta karrera. Bera haurra zela egiteko ohitura zegoen Idiazabalen: «Luistarren eta Mariaren Alaba kongregazioetan biltzen ginen gazteek festa eguna antolatzen genuen urtero, San Luis Gontzagakoaren egunez, ekainaren 21ean. Zinta karrera ez ezik, maleta karreran edo itsulapiko haustean ere aritzen ginen. Herri guztia biltzen zen ikustera».
Bi zutaberen gainean jarritako kaxa batean gordetzen ziren zintak —16 guztira—, bakoitza kaxatik kanpora zintzilik geratzen zen uztai bati lotuta. Arkatz edo makil txiki bat uztaitik sartuta, zinta eskuratzea zen helburua; «abilezia handia behar izaten zen, bizikleta gainean jolasten baitzen. Ez zegoen hankak lurrean jartzerik eta uztaiak ere ezin ziren eskuarekin hartu», kontatu du. Zenbaitetan, eginkizuna zailtzeko, kaxaren azpian koska bat ere jartzen zen. Bazen zintak brodatzen zituenik ere, «helburua zinta dotoreena eskuratzea zen. Irabazleek papar gainean jarrita eramaten zuten gero, garaipen ikur gisa».
Urtero egiteko asmoa
Urkiak jaunartze handia egin zuenerako utzi zioten zinta karrera antolatzeari, «1965 eta 1970 urte artean izango zen», oroitu du. Idiazabalen ez ezik, Olaberrian, Araman, Zerainen edo Seguran egiten zutela ere kontatu du. Dirudienez, jolas ezaguna zen eskualdean.
Udaletxeko brigadako Lurdes Intxaustik ere gordetzen du zinta karreraren inguruko oroitzapen lausoren bat, baina oso haurra zela utzi zioten egiteari. Hala ere, 1997an, kiroldegian lan egiten zuen garaian, zinta karrera berreskuratu zuen herriko gazteentzat, «saio bakarra izan zen eta geroztik, ez dugu berriro ere egin», esan du.
Garai bateko egitura udaletxeko biltegian gordeta zegoela gogoratu eta Adin Etxeko kideekin jarri zen harremanetan, eta horrela sortu zen sanblasetan zinta karrera egiteko ideia. Biltegian begira hasita, egituraren bi zutabeak bai, baina gaineko kaxa falta zela konturatu zen. «Araman halakorik bazelako susmoa nuen eta han galdetu nuen», azaldu du. Aramako kaxa eraman zuren Idiazabalera eta Oskia Garaialde brigadako kideak hartu zuen hura oinarri hartuta, berri bat egiteko ardura, «hasierako ideia nirea izan zen, baina lan mardulena berea izan da», azpimarratu du Intxaustik.
Datorren asteartean itzuliko da berriz zinta karrera Idiazabalera. Urkiak herriko haurrak eta helduak animatu nahi izan ditu parte hartzera; «lehenengoa izanik ez dakigu zer erantzun izango duen», aitortu du. Ondo ateraz gero, urtero errepikatzeko asmoa dutela ere aurreratu dute.
Ikusi San Blas jaietako egitaraua osorik hemen.
















