Astunerako izena emateko azken egunak
Asteartera arte, otsailaren 3a, izango dute irteerara joan nahi duten herritarrek izena emateko epea. Otsailaren 13tik 15era joango dira, autobusean.
Zaldibiarrak Astungo eski estazioan.Hitza Zaldibiako Gailurrerantz Mendi Elkarteak aurtengoan ere ez dio neguko ohiko hitzorduari hutsik egin, eta beste behin ere, eski irteera berezia egingo du Astunera. Otsailaren 13an, ostiralarekin batera abiatuko dira Huescara, eta hiru eguneko egonaldia egingo dute bertan, otsailaren 15era arte. Eskiaz, elurraz eta mendiaz giro onean zein komunitatean gozatzeko aukera izango dute herritarrek.
Eskiarekiko zaletasuna duten eta irteeran parte hartu nahi duten herritarrek 218 euro ordaindu beharko dituzte, eta materiala alokatu behar izanez gero, beste 32 euro gehituko zaizkio hasierako prezio horri. Diru-partida horren barruan sartzen den materialaren berri ere eman dute: joan-etorrirako Zaldibiatik Astunerako autobusa, bi egunetarako forfaita, bi egunetarako ostatua Jacan, larunbateko gosaria zein afaria, eta igandeko azken gosaria. Forfaita behar ez duenak, hala, 50 euro gutxiago ordaindu beharko duela azaldu dute.
55 lagun
Izena emateko azken egunak dira jada, eta datorren asteartera arte, otsailaren 3a, izango dute herritarrek horretarako aukera. Izena emateko bi urrats beharrezko izango dira: batetik Gailurrerantzen Whatsapp zenbakira (646 151 385) mezua bidaltzea, norbere izen-abizenak eta beharrezko materiala zehaztuta, eta, bestetik, mendi elkarteak ahalbidetu duen kontu korronte zenbakira ordainketa egitea, ordainketaren azalpenean ere norbere izen-abizenak zehaztuta. Toki mugatua izango da, eta izena ematen duten aurreneko 55 lagunek joan ahal izango dute.
Elkarteko kideek herritar oro gonbidatu dute irteeran parte hartzera, baina jakinarazi dute adin txikikoek arduradun batekin joan beharko dutela, eta oro har gerta litezkeen istripuen erantzukizunik euren gain hartuko ez dutela.












