Gaueko hegazti harrapariak gertuagotik ezagutzeko aukera, Ataunen
Otsailaren 7an izango da saioa, 18:30ean, Barandiaran Museoan.
Gaueko hegazti harrapariak gertuagotik ezagutzeko eta naturaren misterioetan sakontzeko aukera izango da otsailaren 7an, larunbatarekin batera, Ataungo Barandiaran Museoan. Doktoretza ikerketan murgilduta dagoen Nerea Pagaldai biologo-adituak gidatuko du saioa, eta 18:30erako egin du hitzordua.
Pagaldai urubien portaera eta habitataren inguruko ikerketa egiten ari da, hirigune eta landa-eremuetan egon daitezken ezberdintasunak aztertuta; animalien jarraipena ere egiten du, batik bat, teknika ezberdinen bitartez. Hartara, saioa bi zatitan banatuko du: lehenik hegazti harrapari gautarraren ezaugarriei buruzko azalpen dinamikoa emango du, eta ondoren, behaketa ibilaldi bat egiteko aukera izango da inguruko naturguneetan zehar.
Aurrez izena eman
Zailtasun handirik gabeko ibilbidea izango da azken hori, herritar guztientzat egokitua. Hori dela eta, edozeinek parte hartu dezake, baina plaza mugatuak egongo direnez, aurrez izena eman beharko dute interesdunek, 688 895 069 zenbakira deituta edota barandiaran@gipuzkoanatura.eus helbidera mezua bidalita. Helduek 6 euro ordaindu beharko dituzte, eta 12 urtetik beherakoek 4 euro. Linterna edo frontala eramatea ere aholkatu dute antolatzaileek.












