Herriko zaindariaren heriotza gogoan, hainbat ekitaldi izango dira aurten ere otsailaren 5ean
[EGITARAUA] Beasaingo Odolkiaren Kofradiak 39. Kapitulua ospatuko du, 74 kofradiakideren parte hartzearekin. Karlos eta Eva Argiñano omenduko dituzte. Urbiberri gizarte zentroko aurtengo omenaldia, berriz, Maria Pilar Usabiaga Etxeberriari eta Jose Miguel Insausti Usabiagari egingo diete.
Beasaingo Odolkiaren Kofradiako, Urbiberri gizarte zentroko eta udaleko ordezkariak, Loinazko San Martin plazako kioskoan, egitarauaren aurkezpenaren ondoren.Laida Goiburu Loinazko San Martin eguna iristear da. Santa Ageda izateaz gain, Beasainen herriko zaindariaren eguna ospatzen dute herritarrek otsailaren 5ean. Hala, ostegunean, ekitaldiz beteriko eguna izango dute, udalak Urbiberri gizarte zentroarekin eta Beasaingo Odolkiaren Kofradiarekin elkarlanean antolatuta. Hiru entitate horietako ordezkariak udaletxean elkartu dira hurrengo asteko egitarauaren berri emateko.
Leire Artola alkatearen esanetan, udalaren helburua da “herriko zaindaria den San Martin egunari garrantzi berezia ematea”. 1597ko otsailaren 5ean hil zen Loinazko San Martin misiolaria Nagasakin (Japonia), eta, beraz, otsailaren 5ero haren heriotza dute gogoan beasaindarrek. Alkateak herritarrak gonbidatu ditu ekitaldietan parte hartzera: “Gustatuko litzaiguke denok parte hartzea. Ekitaldiz osatutako egun horretan gure nortasunarekin eta tradizioekin lotutako hainbat ekitaldi antolau ditugu, hala nola, gure historia eta kultura erakusten dutenak eta beasaindarrak batzen gaituenak”. Dei egin du “egun horren bueltan, herriko nortasun, kultura eta tradizioei eutsiz, denak batuta herrian azaltzera”, eta azpimarra jarri du udalaren eta elkarteen arteko lankidetzan: “Horrela egiten da herria”.
Eva Argiñano ere bai
Juanjo Ganzarain Odolkiaren Kofradiko kideak kofradiak antolatutako ekitaldien berri eman du. Aurten 39. Kapitulua ospatuko dute. 74 kofradiakidek parte hartuko dute aurtengo kapituluan, 24 kofradiatan banatuta: Hego Euskal Herriko hamar kofradia izango dira, Ipar Euskal Herriko bi, Kantabriako bost, Asturiasko hiru eta Galiziako, Errioxako, Toledoko eta Zaragozako bana. Duela aste batzuk iragarri zuten bezala, Karlos Argiñano izendatuko dute Ohorezko Kofradiakide. Eva Argiñano bere arreba ere izango da Beasainen; 2000. urtean bera izendatu zuten Ohorezko Kofradiakide, eta aurten anaiak jasoko du izendapena, baina biak omenduko ditu Beasaingo herriak. “Herritarren omenaldi modura, biei makila bat eskainiko zaie”, zehaztu du alkateak. Eguna amaitzeko adiskidetasun bazkaria egingo dute plaza azpian.
Horrez gain, ohi bezala, Urbiberri gizarte zentroak ere egitaraua osatu du herriko zaindaria goratzeko. Angel Funes ordezkariak eman ditu xehetasunak: zentroko kide helduenak diren Maria Pilar Usabiaga Etxeberria eta Jose Miguel Insausti Usabiaga omenduko dituzte aurten. “Omenaldi txiki bat egingo diegu, eta gustura egon daitezen ahaleginduko gara”. Iluntzeko dantzaldian gazte eta helduak gonbidatu ditu parte hartzera.

EGITARAUA
09:15. Kofradiei harrera eta ongietorria, Igartzako jauregian.
10:20. Kofradien desfilea Goizeresi Txistularien Taldeak lagunduta. Igartzatik irten eta Loinazko San Martin estatuara joango dira, han lore eskaintza egiteko. Ohorezko aurreskua dantzatuko zaio eta segidan desfilea egingo dute udaletxera. Udalbatza sartuko da desfilean, elizaraino joateko.
11:00. Meza nagusia.
11:45. Desfilea Loinazko San Martin plazara.
12:00. Musika eskolako musikariek ongietorria egingo diete kofradiei plazan. Han egingo dute Beasaingo Odolkiaren Kofradiaren 39. Kapituluaren ospakizuna. Bukatzean, kofradiei hamaiketakoa eskainiko diete.
14:00. Adiskidetasun bazkaria Loinazko San Martin plaza azpian.
17:00. Murumendi pilota eskolako neska-mutilen pilota partidak Gernika pasealekuko frontoian.
18:00. Bentazarreko Mutiko Alaiak kaleak girotzen.
Ondoren. Ipurbeltz kale antzerkia. Eguraldi onarekin, Erauskin plazan; euria egiten badu, La Salle inguruan.
Urbiberri gizarte zentroan
13:30. Bazkideentzako luntxa.
Ondoren. Maria Pilar Usabiaga Etxeberria eta Jose Miguel Insausti Usabiagari omenaldia. Aurtzaka Dantza Taldearen emanaldia.
17:30. Gurea Abesbatzaren emanaldia.
18:00. Urbiberriko Argi taldearen dantza emanaldia.
Ondoren. Dantzaldia.












