Zumarragako Udalak herriari buruzko unibertsitate lanak sarituko ditu
Zumarragako Udalak Zumarragan edo Urretxun erroldatuta dauden 30 urte arteko gazteei zuzendutako sari deialdia jarri du abian: 1.000 euroko lau sari banatuko ditu Zumarragari lotutako Gradu Amaierako Lanak (GrAL) edo Master Amaierako Lanak (MBL) egiten dituztenen artean. Sariak gutxienez zortziko kalifikazioa jaso dutenen artean banatuko dituzte.
Lau kategoria egongo dira eta horietako bakoitzean 1.000 euroko sari bana emango dute: Gizarte eta Lege Zientziak; Arteak eta Giza Zientziak; Osasun Zientziak; eta, Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura. Gainera, irabazleek beren lanak jendaurrean aurkeztuko dituzte 2026ko udazkenean eta lanak argitaratu egingo dira. Ale batzuk liburutegian utziko dira herritar guztien eskura eta gainontzekoak sariduen artean banatuko dituzte.
Gazteak deialdiaren ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik 2026ko irailaren 30era arte aurkez daitezke, hemen.
Egitasmoa Iñaki Mendiluze Gazteria zinegotziak aurkeztu du. Ikasleek egindako lanak ezagutzera emateko eta herriari buruzko lanak egitea sustatzeko antolatu dutela esan du.
Udalaren webgunean dokumentu bat jarriko dute gazteen eskura. Hori betetzen dutenek, beraien lanak edo egitasmoak Zumarragarekin nahikoa lotura duen jakingo dute. Dena den, lanak dokumentu hori bete gabe ere aurkeztu ditzakete. Banaka edo taldeka egindako lanak aurkeztu daitezke. Baita ingelesez egindakoak ere, euskarara edo gaztelerara itzultzen badira.
Saria notarik altuena lortu duen lanari emango zaio. Berdinketa badago, ohorezko matrikula lortu duenari emango zaio. Berdinketak jarraitzen badu, gazteriarekin lotura duen lanari emango zaio. Berdinduta dauden bi lanek gazteriarekin lotura badute, graduan edo masterrean nota altuena lortu duenari emango zaio.












