Sexu-indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko zentro berria zabalduko dute Lazkaon
Hasieran Zaldibian kokatu behar zuenak, azkenean Lazkaon izango du egoitza. Hirigoien kaleko lokal bat lagako dio udalak Aldundiari. Datozen asteetan sinatuko da hitzarmena.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Sexu-indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko herrialdeko hirugarren Hariberria zentroa zabalduko du Lazkaon. Hasiera batean Zaldibian kokatu behar bazen ere, zerbitzuaren beharrak eta espazio erabilgarrien baldintzak «zehatzago» aztertu ondoren, Lazkao aukeratu dute Goierriko kokaleku gisa. Datozen asteetan sinatuko da hitzarmena.
Lazkaoko Udalak atzoko Osoko Bilkuran hartu zuen erabakia, eta gaur goizean eman dute akordioaren berri. Hirigoien kaleko lokal bat dohainik utziko dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, haren gaineko «titulartasuna eta azalera-eskubidea» mantenduta. 133,90 metro karratu inguruko azalera erabilgarria du, eta gaurtik aurrera, ekipamendua egokitzeko eta zerbitzua behin betiko ezartzeko beharrezkoak diren izapide administratiboak hasiko dituztela jakinarazi du Aldundiak. Lagapenak 30 urteko iraupena izango du.
Donostiako eta Arrasateko gainerako zentroetan bezalaxe, Lazkaon irekiko duten egoitzan informazioa, orientazioa, laguntza psikologikoa eta soziala emango dizkiete sexu-indarkeriaren biktimei, bai eta emakumeen eskubideei eta aukerei buruzko aholkularitza ere. Kepa Zubiarrain alkateak ere azaldu du eskualdeko biktimei «arreta hurbilagoa, irisgarriagoa eta egokitua» eskaintzea ahalbidetuko duen «ingurune segurua» izatea nahi dutela, «konfidentziala eta beren beharretara egokitua».












