Tobera musika eta dantza eskola, herrigintzaren erritmora
Ikasturtearen erdia osatuta, jarduera akademiko “arrakastatsuak”, ekintza ugari eta berrikuntza proiektuak gauzatu ditu Aizkorpe bailarako eskolak.
Tobera musika eta dantza eskolak argi du bere egitekoa ez dela soilik ikasgelara mugatzen. Azken hilabeteotan egindako ekimenek berriro erakutsi dute herriarekin eta eguneroko bizitzarekin lotutako eskola-eredu baten aldeko apustua sendoa dela.
Ikasturte honetan bertan, pandero ikastaroek arrakasta handia izan dute. Hastapen mailako ikastaroari amaiera berezia eman zitzaion azaroaren bukaeran, Seguran antolatutako kalejira ireki batekin. Sakontze-mailako ikastaroak, berriz, urtarrilaren 22an izan zuen itxiera, Zegaman egindako pintxo-pote girotu baten bidez. Eta hilabetea borobiltzeko, urtarrilaren bukaeran, 2 ikastaroetako partaideak Zeraingo Oiharte sagardotegian elkartu ziren, bertara bildutakoen afaria lagunarte bikainean musikatzeko.
Musikaren arlotik harago, Toberak “erreferente” izaten jarraitzen du euskal dantzen sustapenean ere. Urtarrila osoan zehar, dantza urbano eta modernoko saio bereziak eskaini zaizkie ikasleei, ohiko ikasgaien osagarri gisa. Saio horiek harrera “bikaina” izan dute, eta ikasleek aukera izan dute euskal dantzak dantza garaikidearen oinarri gisa ulertzeko, bi diziplinen arteko loturak eta elkar-osagarritasunak identifikatuz. Helburua, Toberatik azaldu dutenez, argia izan da: “ikasleen dantza-ikuspegia zabaltzea eta, aldi berean, euskal dantzen interpretazioa aberastea”. Ikasitakoa ez da teoria hutsean geratu. Aparteko saio berezi horien emaitza gisa, ikasleek proiektu bateratu bat garatu dute, eta bideo bat ekoitzi dute talde bakoitzean landutako dantza-pauso garaikideak eta gorputz-mugimenduak erakusteko.
Aurrera begira
Otsailari begira, agenda betea du musika eta dantza eskolak. Santa Ageda bezperako kopletan irtengo dira ikasleak; inauterietan, otsailaren 12an, koreografiak dantzatuko dituzte mozorrotuta Zegaman; eta otsailaren 28an, Toberako sei ikaslek Euskal Herriko piano jaialdian parte hartuko dute Azpeitian. Martxorako instrumentuetako entzunaldi zikloa Seguran eta Zegaman, Dantzari Txiki Eguna Idiazabalen eta Korrika dituzte jada programatuta, besteak beste.
Hezkuntza artistikoa, kulturaren transmisioa eta herrigintza uztartzen ditu Toberak. Segurako Udalaren euskara dinamiketan, Zegamako Udalaren parekidetasunerako lan mahaian edo Zegamako harrera dinamikan partaide da, esaterako, komunitatearekiko konpromisoz. Gainera, berrikuntza proiektuetan ere murgilduta dabil musika eskolako lantaldea, kalitate pedagogikoa hobetzen jarraitzeko: ikas-material berriak sortu eta plataforma digital berrituak estreinatu dituzte.
Eskolak bere jardunean darabilen gardentasunaren erakusgarri, kudeaketari buruzko bilera informatiboa deitu du musika eskolak otsailaren 10erako. Hitzordua Mutiloako udaletxeko ganbaran izango da, 19:00etan hasita. “Komunitatearen taupadaren erritmoan” doa Tobera Musika- eta Dantza-eskola.












