Ikatzak sari bikoitza jaso du Herriz Herri argazki rallyen txapelketan
Elkarteko kide den Gorka Gomezek txapelketako makila irabazi du, Tolosako Ruben Caceresekin batera, puntutan berdindu eta gero. Ikatzak elkarte onenaren saria jaso du.
Ikatza elkarteko kideak, sariarekin, 
Ruben Caceres eta Gorka Gomez, makila banarekin.
Legazpin sari bikoitza utzi du “0rain arte egin den Herriz Herri Euskal Herriko argazki rallyen txapelketa ziragarrienak”. Ikatza elkarteko kide den Gorka Gomezek lehen saria partekatu du Tolosako Targazki elkarteko Ruben Caceresekin, eta Ikatzak elkarte onenaren saria ere jaso du. Larunbatean banatu zituzten sariak, Legazpiko Kultur Etxean egindako sari banaketan.
Gomezek eta Caceresek txapelketa honen hamargarren edizioko txapeldun direla egiaztatzen dien makila bana jaso zuten ekitaldian zehar. Biak berdinduta geratu dira iazko urtean zehar egindako 14 rallyetan jasotako puntuetan. Aurten azken rallyan erabaki da sailkapena, ez aurreko edizioan bezala, zeinetan Gomez aise gailendu zen sailkapenean. Asteburuan jasotako makila, beraz, bigarrena du legazpiarrak.
Gomezekin batera, lehenengo hamar sailkatuen artean izan dira goierritar gehiago. Hala, Beasaingo Jokin Suarez laugarrena izan da, eta Javier Quiros bosgarrena, eta Legazpiko Gurutze Langarika seigarrena geratu da, eta Mikel Bravo hamargarrena.
Ikatzak elkarte onenaren titulua eskuratu du, txapelketan parte hartu duten bere bazkideen puntu guztiak elkartu ondoren. Bigarrena Targazkia izan da, eta hirugarrena SGF Donosti.















