Segurtasun neurri handiagoak Legazpin, herritarren ongizatea bermatzen jarraitzeko helburuz
Azken hilabeteetan herrian segurtasunaren arloan izan diren gertakarien aurrean, Eric Galvez alkateak eta Josu Galilea zinegotziak bilera egin dute Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren ordezkariekin. Oinezko agenteen presentzia handitzea, agente kopurua indartzea eta lapurreten prebentziorako plana garatzea adostu dute.
Azken hilabeteetan herritarren segurtasunaren arloan izan diren gertaera zehatzen aurrean, lapurretan bereziki, Legazpiko Udalak hiru ekintza lerro adostu ditu udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin. Aldi berean, herritarrei “lasaitasun, konfiantza eta erantzukizun instituzionaleko mezu argia” helarazi die.
Gai hori jorratzeko bilera egin dute gaur udaletxean Eric Galvez alkateak, Herritarren Segurtasuneko zinegotzia den Josu Galileak eta Udaltzaingoko eta Ertzaintzako ordezkariak. Gertaera horiei buruzko informazioa partekatu eta erregistratutako gertakariak baloratu dituzte, segurtasun indar ezberdinen arteko koordinazioa indartzeko.
Bileraren ondoren, udal ordezkariek azpimarratu dute Legazpi “herri segurua” dela, “non bizikidetza eta lasaitasuna balio sendoak diren”. Aztertutako gertakariak “seriotasunez” landu direla ere azaldu dute, “uneoro alarmismoa saihestuz eta prebentzioan, kontrolean eta etengabeko jarraipenean oinarritutako ikuspegitik”.
Elkarlanaren ondorioz, eta Udaltzaingoarekin Ertzaintzak duen ohiko lankidetzaz gain, herritarren segurtasuna eta ongizatea bermatzen jarraitzeko helburuz hiru ekintza lerro adostu dituzte: alde batetik, oinezko agenteen presentzia handiagotuko dute; bestetik, udalerrian agente kopurua indartuko dute; eta hirugarrenik, etxebizitzetako lapurreten prebentziorako plana garatuko dute.
Legazpiko Udalak berretsi egin du “segurtasunarekin, bizikidetzarekin eta udalerriko lasaitasunarekin duen konpromisoa”, eta “arduraz eta gertutasunez” lanean jarraituko du herritar guztien ongizatea bermatzeko.













