Emakume zientzialariak protagonista Legazpin
Solasaldia egin dute Maialen Mendinueta Urkia ortodonzistak, Irati Zurutuza Renom kimikariak, Jone Narbaiza Martinez de Albeniz bioteknologoak eta Nora Altzelai Uribetxeberria adimen artifizialeko software ingeniariak. Herriko beste zientzialari bat ere gogoratu zuten ekitaldian: 2012an hil zen Ainhoa Murua Ugarte biomendikuntzako ikerlaria.
Mendinueta, Zurutuza, Narbaiza eta Altzelai, Kultur Etxeko areto nagusian, solasaldia hasi aurretik.Cristina Limia Legazpiko Udalak otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Nesken Zientziaren Nazioarteko Egunarekin bate eginez antolatu dituen ekintzen barruan, mahai ingurua egin zuten atzo herriko lau emakumezko zientzialarik Kultur Etxean.
Amaia Aizpurua zinegotziak aurkeztutako solasaldia izan zen, eta Ana Galarraga zientzialari eta komunikatzaileak gidatu zuen. Protagonistak, berriz, Maialen Mendinueta Urkia ortodonzista, Irati Zurutuza Renom kimikaria, Jone Narbaiza Martinez de Albeniz bioteknologoa eta Nora Altzelai Uribetxeberria adimen artifizialeko software ingeniaria izan ziren. Aizpuruak aurkezpenean nabarmendu zuenez, lauek “gure herriko etorkizuna irudikatzen dute: jakin-mina, ausardia eta jakiteko grina”.
Solasaldi honek erakarrita Kultur Etxeko areto nagusian bildutako publikoak lau legazpiar zientzialari hauen esperientziak eta ibilbideak ezagutzeko aukera izan zuten.
Ainhoa Murua Ugarte gogoan
Oroimenerako tarte bat ere izan zen solasaldia hasi aurretik, Aizpuruak Legazpiko beste emakume zientzialari bat gogoratu nahi izan zuelako: Ainhoa Murua Ugarte. 2012an zendu zen legazpiar hau, 32 urte zituela. Nafarroako Unibertsitatean Biologian eta Biokimikan lizentziatu zen, eta ikerketari ekin zion ondoren, biomedikuntzaren alorrean ekarpena garrantzitsuak eginez.
Ibilbide laburra baina “benetan inspiratzailea” egin zuela nabarmendu zuen Aizpuruak, “ikertzaile gazte baten adorea, talentua eta giza balioak uztartu zituen”. Muruak utzitako ondarea zaintzea eta transmititzea atzoko ekitaldiaren helburuetako bat zela azaldu esan zuen, baita “neska gazteei esatea zientzian badagoela beraientzat tokia, eta beharrezkoak direla”.

Luis Mari Murua eta Asun Ugarte, Ainhoa Murua Ugarteren gurasoak, publikoaren artean.














