Kolore horiz jantzi da feria otsaila hastearen batera
Mimosa loreak eta limoiak izan dira arduradunak, eta eguneko berritasun nagusiak. Agurrerako eguna ere izan da, Josune Ormeñok udaletxe azpiko gazta salmenta lana utzi duelako gaur.
Otsailean sartu da Ordiziako feria, eta hilabete berriari ongi etorria emateko kolore horia aukeratu du. Mimosa loreak eta limoiak izan dira arduradunak, eta aldi berean, gaurko berritasun nagusiak ere bai. Otsaileko lehen feria honek, gainera, saltzaile bati agur esan dio. Goiz ilunak eta grisak lagundu die horiei guztiei, baita bisitan izandako Andoaingo Leitzaran institutuko eta Altzoko herri eskolako ikasleek ere.
Mimosa lore horiak garai honetan urtero izaten dira salgai Ordiziako Plaza Nagusian, eta aurten ere puntu-puntuan iritsi dira, Aramatik. Miren Jauregi eta Jaione Irazusta ama-alabak izan dituzte salgai, sorta 4 euroan, baina ez denbora luzez. Izan ere, goiz erdialderako ia denak zituzten salduta, esan dutenez, «jendea lore gogoz» dagoelako. Eta hala da, aspaldian ez baita lore sortarik izan salgai ferian. Hemendik aurrera izango ote dira gehiago.
Bi aramar hauen postuaren aurre-aurrean berea dute beste bi aramarrek, Maite eta Arantxa Zurutuzak, eta bertan jarri dute salgai eguneko beste produktu nagusia, limoia. Altzagakoak ere bazeuden salgai duela aste batzuk hasita, baina tamaina txikiagokoak ziren. Limoiaren kiloak 3 eta 4 euro artean egin du gaur..
Baina ez dira limoiak aste hauetan ferian salgai dauden fruta bakarrak. Kiwiak, intxaurrak eta hurrak aukeran daude oraindik, baita sagar ugari ere. Egia da sagarren denboraldia amaitzen ari dela, baina horretarako aste batzuk falta dira oraindik. Hala ziurtatu du behintzat Simon Aizpuruk, San Jose ingurura arte badituela esanez.
Perretxikoak, aldiz, ez daude hain ugari. Gaur Lasaren postuan bakarrik izan dituzte salgai: 25 kilo mendiko angula, kiloa 26 euroan.
Josune Ormeñori agur
Agurrerako eguna ere izan da gaurkoa ferian. Udaletxe azpiko Arizmendi gazta saltzaileen postuan hiru urte eta erdiz lanean jardun duen Josune Ormeñoren azken eguna izan da. Hurrengo astean, orain arte Itziar Etxeberriaren ardura izan den postuaren aurrean bere ahizpa Ana Etxeberria jarriko da. Bat joan, eta bestea etorri, beraz.
Zuhaitz landareak
Urtarril amaiera eta otsail hasiera zuhaitz landare saltzaileak Ordiziara etortzen ziren garaia da. Badira urte batzuk tren geltokira jaisten den aldapan zuhaitzik saltzen ez dela, baina feria gunetik gertu badago non erosi genero hori, Sindikatoan, hain zuzen.
Oraindik ez dute eskaintza osoa osatuta, baina zer erosi badute. Hala, aranondo, sagarrondo, intxaurrondo eta melokotoiondo landareak dituzte, bi urtekoak, 13,5 euroan bakoitza. Mandarinondoak, laranjondoak eta limoiondoak ere badituzte, 3-4 urteko landareak, 21,5 euroan. Zitrikoen atala osatzeko, terrazetan edo lorategietan jartzeko limoiondo txikiak era badituzte, fruta eta guzti, 55 euroan. Fruta arbola exotikoagoak nahiago dituztenek, berriz, kiwia (20 euroan) eta ahuakatea ere badituzte (37 euroan). Eta bertakoak ere bai, errezil sagarra ematen dutenak, 106 patroikoak, 12 euroan.


















