Legazpiko Gaztetxean abiatuko da goierritarrentzat Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa
Ostiralean 19:00etan da hitzordua, Legazpiko Bertso Olariak, Beasaingo Oriako Tramanak eta Goierriko Xelebreak taldeekin. Guztira Goierriko zortzi talde arituko dira txapelketan, eta lau saio izango dira eskualdean.
Legazpiko Bertso Olariak Legazpin abiatuko da Goierriko taldeentzat Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa. Eskualdeko lehen kanporaketa Gaztetxean jokatuko da, ostiralean, 19:00etan hasita. Legazpiko bertako Bertso Olariak, Beasaingo Oriako Tramanak eta Goierri osoko Xelebreak izango dira lehian.
Beste bi kanporaketa ere jokatuko dira Goierrin: hilaren 13an Ordizian, Zumarraga-Urretxu 2, Osinalde 2 eta Legorreta taldeekin; eta hilaren 20an Ataunen, Zumarraga-Urretxu 1 eta Osinalde 1 taldeekin. Kanporaketa bakoitzeko irabazleek Ataunen izango dute hurrengo hitzordua martxoaren 7an, eta hori irabazten duenak, Tolosaldeako ordezkarien aurka izango du saioa, Zaldibian.
Goierriko zortzi talde izango dira lehian Herriartekoan, eta bost saio egingo dira eskualdean.
Bertso Olariak, bigarrenez
Legazpiko Bertso Olariak taldea bigarrenez arituko da txapelketa honetan. 2017koan, bertsotan Ane Beloki, Nerea Elustondo, Asier Iriondo eta Julen Agirreburualde ibili ziren, azken hauek txandaka, epaile lanetan Mikel Balerdi eta Eneko Iriondo, gai jartzaile Nekane Gonzalez, eta koordinazio lanetan, Joxe Arizkorreta. Lekanazpin kantatu zuten, Azpeitiko taldearen aurka, eta bigarren saioa Oiartzunen. Gonzalezek gogoratu duenez, «Horraino iritsi ginen, baina gustura. Urduritasuna ere izaten da horrelakoetan, eta orduko une onak gogoan geratu izanak argi erakusten du merezi izan zuela».
Uste horrekin osatu dute aurten ere taldea. «Formatu honek plazan tokirik ez duten bertsolariei ere parte hartzeko aukera ematen die, eta hortik aurten ere izena emateko erabakia hartzea. Hortaz, asmo handirik gabe goaz: ahal duguna egin, eta ondo pasatzera batez ere». Bertsotan, Ane Beloki, «oraintxe plazatan dabilen bakarra», eta aurretik ibilitako Julen Agirreburualde eta Asier Iriondo izango dira, Joxe Arizkorreta epaile lanetan eta Nekane Gonzalezek, gai jartzaile. Denak dira Bertso Olariak bertso eskolako kideak eta irakasle izandakoak.
«Pozik» daude legazpiarrak txapelketaren abiaburua Legazpin delako, eta Gaztetxean izateak ere «badu bere grazia, kontuan hartuta Ane dela gazteena!”. Gonzalezek esan duenez, bertso eskolak beti izan du lotura Gaztetxearekin: “Vertso eskola bereziak eman izan ditugu han, eta Gaztetxeko txapelketa ere antolatu izan dugu. Eta ezin ahaztu hainbat urtean han antolatutako bertso saioak: Xabier Silveira, Jokin Uranga eta Fredi Paia bertsolariak dezentetan etorritakoak dira, ‘Zaharrak berri show’ emanaldiarekin”.
Legazpiko bertsozaletasunaz ere hitz egin du Gonzalezek. “Bizirik” dagoela esan du, “eta ez da gutxi!”, erantsi du. “Pandemiak min handia egin zion eskolari, etenaren ondoren berriz ezin martxa harturik ibili ginelako. Eskolaz kanpoko ekintza asko daude aukeran gure herrian, eta bertsoen aldeko apustua egitea ez da erraza”. Hala ere, azken bi urteotan “pizkundea” izan duela nabarmendu du, eta Ane Belokik Itxaropeneko lokalean bederatzi umeri eskola ematen diela zehaztu du, eta “eginkizun berarekin” hezkuntza arautuan ere badabilela. . Herrian bertso mugimendua izatea “oso garrantzitsua” dela ere esan du, “eta asko poztuko ginateke Nerea Elustondorekin eta Ane Belokirekin plazetan kantuan ariko diren gaztetxoak azaltzea. Iazko urteurreneko oparotasunik ez da izango aurten, baina ohiko saioetara joateko gonbidapena egin nahi diegu legazpiarrei eta inguruko herrietakoei”.
Hurrengo bertso emanaldia, hain justu, otsailaren 27an izango dela aurreratu du, amaitzeko. Bertso afaria izango da, Laubide jatetxean, Joanes Illarregi eta Aitor Mendiluze bertsolariekin.

Xelebreak taldeko hiru bertsolari goierritarrak
Xelebreak, eskarmentudun hirukoa
Xelebreak taldeko bertsolariak Uhaitz Oiartzabal zumarragarra, Sustrai Goenaga lazkaotarra eta Amets Zubizarreta beasaindarra dira. Beasaingo bertso eskolatik ezagutzen dute elkar, eta elkarrekin ibiliak dira aurretik. Goenagak azaldu duenez, izenak ez du aparteko esanahirik, baina «ondo deskribatzen gaitu». Maide Garmendia gai jartzaileak, eta Elortza eta Uhaitz Oiartzabal epaileek osatzen dute taldea.
Hiru bertsolariek hainbat ediziotan parte hartu dute Zumarraga-Urretxuko Martxoan Bertsoan, eta eskola artekoan ere aritutakoak dira. Eskarmentu horrek ematen dien lasaitasunarekin aurkeztuko dira ostiralean, «ondo ikusten gara, eta gauzak ondo egiteko gogoarekin goaz. Gainera, saio batean hirurak elkarrekin aspaldian kantatu gabe gaude, eta hori ere pizgarria da».

Oriako Tramanak taldea, osorik.
Oriako Tramanak, denak Beasaingoak
Beasaingo Oriako Tramanak da ostiralean Legazpiko Gaztetxean lehian izango den hirugarren taldea. Maddi Aiestaran, Duna Urteaga eta June Aiestaran bertsolariek, Uxue Perez gai jartzaileak eta Klara Schmidt epaileak osatzen dute. Maddi eta June ahizpak ibiliak dira aurretik bertsotan, «eskolartekoan hasi ginen, eta hainbat plazatan eta sariketetan kantatutakoak gara», azaldu du Maddik. Duna da gazteena, 17 urterekin, eta oraintxe hasi da eskolartekoan.
Herriarteko txapelketan lehen aldiz arituko da Oriako Tramanak. «Beasaindarrak gara guztiak, hala nahi genuen, denak Beasaingoak izatea».
Legazpira «ondo pasatzera» doaz, «helburu handiegirik gabe». Hala ere, «Goierriko finalera pasako bagina, ederki, baina printzipioz festa giroan sartzera eta horretaz gozatzera» doaz.













