Olaria sarirako hautagaiak aurkezteko epea ireki du udalak
Otsailaren 27a da proposamenak egiteko azken eguna. Maiatzaren 3an ezpata-dantzaren ekitaldian zehar emango den saria da, eta aurreko urtean zehar edo bere ibilbidean zehar Legazpiren garapenaren alde gehien nabarmendu den ekimen edo jarduera soziala, edo legazpiar bat sarituko du.
Iazko Olaria saria jaso zuten legazpiarrak, alkatearekin, maiatzaren 3ko ekitaldian. Legazpiko Udalak aurtengo Olaria sarirako hautagaiak aurkezteko epea ireki du. Maiatzaren 3an ezpata-dantzaren ekitaldiaren barruan entregatuko den bereizgarri horrek aurreko urtean zehar edo bere ibilbidean zehar Legazpiren garapenaren alde gehien nabarmendu den ekimen edo jarduera soziala, edo legazpiar bat sarituko du.
Legazpiar guztiek proposa ditzakete hautagaiak, baina proposamen bakoitzaren arrazoiak azalduz. Proposamenak egiteko hiru bide erabil daitezke: udalaren webguneko formularioa beteta, LegazpiON aplikazioaren bidez edo udaletxeko arreta zerbitzuan. Otsailaren 27a da proposamenak egiteko azken eguna.
Epaimahaia eta erabakia
Alkateak, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko bakoitzeko ordezkari banak, azken edizioko irabazleek eta udalerriko elkarteetako beste hiru ordezkarik osatuko duten epaimahaiak proposatuko du hautagaien artean zeinek jasoko duen Olaria.
Proposamen hori martxoko udaleko bozeramaileen batzordean aztertuko dute, eta hil bereko Osoko Bilkurara eramango dute onartzeko.
Azken Olaria saria Patrizio Etxeberriaren lantegian Eduardo Txillidarekin lan egin zuten herritarrentzat izan zen.













