Aterkiak eta erosketa orgak herritarren eskura jarri ditu Ordizian elkarteak
'Erabili eta bueltatu' lelopean abiarazi dute kanpaina, erosleari ahalik eta erraztasun gehien emateko asmoz. Behin erabilitakoan, jatorrizko establezimenduetan itzuli beharko dira.
Ordiziako Udalak eta Ordizian merkataritza elkarteak udalerriko hainbat merkataritza eta establezimendutan aterkiak eta erosketa orgak maileguan hartzeko zerbitzua jarri dute martxan, ‘Erabili eta bueltatu’ lelopean. Orain urte batzuk abiarazitako ekimena berrartu dute, asmo nagusi batekin: erosleari ahalik eta erraztasun gehien ematea. Zentzu horretan, euria ari badu eta aterkirik ez badute, ekimenarekin bat egin duten taberna edo dendetan eskatu ahal izango dituzte aterkiak, bustitzea saihesteko. Eta gauza bera erosketa orgekin, espero baino karga handiagoa dutela ikusterakoan halako bat mailakatzeko aukera izango dute.
Zerbitzu egokitua
Hartara, maileguan hartutako aterkia edota erosketa orgak erabilitakoan, beharrezkoa izango da jatorrizko establezimenduetan itzultzea, ondoren beste bezero batek erabiltzeko aukera izan dezan. Ordizian elkarteak ere horretarako zerbitzua eskainiko du haren bulegoan. Ekimenak funtziona dezan esandakoak errespetatzea beharrezkoa dela gogoratu dute: “Establezimenduek oraindik ere balioa ematen diote bezeroak mimatzeari eta maitekiro adierazten dute haiek babesteko asmoa, sentimendu horiek elkarrekikoak izan daitezen, eta ondoren, bueltan etor daitezen”.












