Beasaindarrei, odolkiari eta Argiñanotarrei gorazarre Loinazko San Martin egunean
[ARGAZKIAK ETA BIDEOA] Beasaingo Odolkiaren Kofradiak 39. Kapitulua ospatu du, 24 kofradiaren parte hartzearekin. Karlos Argiñano Ohorezko Kofradiakide izendatu dute eta, Eva Argiñanorekin batera, omenaldia jaso du.
Eva Argiñano, Karlos Argiñano eta kofradiaren ordezkaria, izendapenaren ondoren, plazako kioskoan.Laida Goiburu Euria ez da oztopo izan. Egun handia da gaur Beasainen, jai eguna, herriko zaindariaren eguna baita. Loinazko San Martin egunean egin ohi duen bezala, Beasaingo Odolkiaren Kofradiak bere Kapitulua ospatu du, 39. aldiz aurten. Igartzako jauregian elkartu dira 24 kofradiatako 70etik gora kofradiakide. Han mokadutxoa jan eta gero, txistularien laguntzarekin desfilea egin dute. Lehendabizi Loinazko San Martinen estatuan egin dute geldialdia. Bi dantzarik aurreskua dantzatu dute, eta kofradiako ordezkariak lore sorta utzi du estatuaren oinetan.
Plazaraino jarraitu dute gero desfilean. Han udalbatzako kideekin elkartu dira kofradiakideak, eta denak elkarrekin mezara abiatu dira. Bitartean, odolki dastaketa egon da Zubimuzu plazan nahi zuen ororentzat, eta ondorengo ekitaldiko azken ukituak ematen ibili dira Loinazko San Martin plazan. Elizatik irtetean, kofradiakideak eta udal ordezkariak plazara joan dira prozesioan, aurtengo omenduekin batera: Karlos Argiñano eta Eva Argiñano. Karlos Argiñano izendatu dute Ohorezko Kofradiakide ohiko odolki jotzearekin –Eva Argiñanok 2000. urtean jaso zuen izendapen hori–, eta biei omenaldia egin diete, plaza jendez beteta zela.
Leire Artola alkateak eskerrak eman dizkie Argiñanotarrei: “Harro eta batez ere eskertuta. Habia, sua zarete, eta hemengo ateak beti zabalik aurkituko dituzue”, esan die. Eva Argiñano “oso-oso pozik” agertu da ekitaldian: “Eskertzen dizuet bihotz-bihotzez. Oso harro nago beasaindarra izateaz. Hau bakarrik esan dezaket: aupa Beasain! Aupa beasaindarrak!”. Karlos Argiñanok hartu du hitza azkenik: “Ni ere harro nago, oso pozik nago eta denoi eskertzen dizuet, udalari, kofradiari eta beasaindar guztiei. Oso pozgarria da horrelako sari bat jasotzea norberaren herrian. Herri honetan jaio nintzen, hemendik 40 bat metrora, hor eskuinera. Hemen eman nituen nire lehendabiziko pausoak eta hemen plaza honetan egunero jolasten nuen nik. 18 urterekin Zarautzera joan nintzen, baina nirekin eraman nituen nire familia, nire lagunak, nire balio guztiak. Eta han lortu dut nire familia. Askotan nire semeak esaten didate ‘zu Beasaingoa zara’, eta bai, noski, eta zuek jaio zineten Zarautzen ni etorri nintzelako’ esaten diet”.
Txistulariek jotako Beasaingo martxarekin amaitu da ekitaldia, eta adiskidetasun bazkaria egin dute izena eman duten herritar guztiek gero.












