Ezkioko paisaiaren aldaketa aztergai, egonaldi artistikoan
Asier Gogortza argazkilariak garatuko du egonaldia. AHTaren obrek eragindako aldaketak erretratatuko ditu. Egonaldia martxoaren 2tik 29ra gauzatuko da Ezkion.
Asier Gogortza argazkilari berarrak egingo du Ezkion garatuko den egonaldi artistikoa. Igartubeiti Asier Gogortza Asensioren (Bera, 1976) Argia harrapatzeko tramankuluak proiektua aukeratu dute Ezkion egingo den egoitza artistikoa burutzeko. Proiektua martxoaren 2tik 29ra garatuko da. Ganbaretan ahaztuta dauden tresna zaharrak berrerabiliz argazki makina primitiboak sortuko ditu Gogortzak eta haiekin Ezkioko paisaian azken urteetan gertatu den aldaketa —AHTaren obrek nabarmenki eragindakoa— erretratatzea du helburu. Iraganeko tresnak gaurkotuz, progresioari buruzko iruditeria denboragabe bat osatuko du proiektu honi esker.
Egoitza artistiko hau Igartubeiti museoa parte den Patrim 4.0 proiektuaren baitan kokatzen da, Pirinioetako sarea osatzen duten —Aragoi (Espainia), Herrialde Katalanak, Pirinio Atlantikoak (Frantzia) eta Euskal Herriko eskualdeetako kultur ondarea zaintzea eta balioestea helburu hartuta. Egitasmo honen bidez, ezagutza trukea indartu eta ondarearen kudeaketa hobetu nahi da mugaz gaindiko lurraldeetan.
Gogortzak arkitektura eta paisaia asko landu ditu bere ibilbide artistikoan zehar. Ingurunean gizakiak zuzenean egin dituen esku-hartzeak erretratatu ditu argazkiaren bidez. Hain zuzen, Ezkiok bizi izan duen paisaiaren eraldaketa erretratatzeko nahia eta antzinako zein egungo jakintzak uztartu izana baloratu ditu epaimahaiak, besteak beste, erabakia hartzerako orduan. Ezkioko Udalak eta Ezkio-Itsasoko herri eskolak, herriko artistek, Pirinio Atlantikoetako Communauté de Communes Neste Baroussek eta Igartubeiti baserri museoko ordezkariek osatu dute epaimahaia.
Asier Gogortza ezagutuz
Asier Gogortza Euskal Herriko Unibertsitatean, Informazio Zientzietan lizentziatua da eta argazkilaritzan tituluduna. Soinumapa, Memori Art Lab eta Ertz Arte Gunea proiektuen sortzaile ere bada. Gainera, Muga, Mendebalde eta Concrete Landscapes erakusketen egilea da, besteren artean, eta Hariztia izeneko liburu bat ere argitaratua du.
Proiektuaren esleipena jakin berritan adierazi duenez, AHTarena bezalako obra batek Euskal Herriko paisaian duen «eragin estetikoa» eta herritarrentzat «maila sinboliko eta emozionalean» suposatzen duen «inpaktua» neurtu nahiko lituzke argazki lan honen bitartez. «Badira dagoeneko urte batzuk Abiadura Handiko Trenaren obraren inguruko lanen bat abiatu nahian nebilela. Arrazoi batengatik edo bestearengatik, ordea, orain arte ezin izan diot gai honi heldu eta Igartubeiti museoaren egonaldi artistikoa ikusi nuenean aukera bikaina begitandu zitzaidan bide hori abiatzeko», esan du.
Argazki estenopeikoa
Ezkioko egonaldi artistikoan egingo duen proiektuak aurretik egindako beste batzuekin baduela antzekotasunik aurreratu du, «normalki nire proiektuetan erabiltzen ditudan osagai ugari biltzen ditu gai honek: lurraldea, paisaia edo gizakiaren eraginez landa eremua nola eraldatzen den».
Egoitza artistikoan zehar, topaketa bat egingo du Gogortzak lehenbizi, bere proiektua Ezkioko herritarreio azaltzeko. Oraindik ez dituzte eguna eta ordua zehaztu. Gainera, argazki estenopeikoari buruzko bi saio ere eskainiko ditu herrian; bat publiko orokorrari eskainita egongo da eta bestea, Ezkio-Itsasoko herri eskolako haurrei zuzenduta. Argazkilaritza estenopeikoa lente eta objektiborik gabe egiten dena da. Saio hauetan argazki kamerak egiten ikasiko dute parte hartzaileek eta probatu ondoren, argazkiak egin, editatu eta erakusketa bat prestatuko dute.

Argazki kamera estenopeiko baten irudia. IGARTUBEITI












