Irizar ie bus Efficient, ‘2026ko Urteko Autobusa’
Irizar e-mobilityk ekoizten duen Irizar ie bus Efficient autobusak Garraioaren Sari Nazionaleko epaimahaiak emandako saria jaso du.
Irizar e-mobilityk ekoizten duen Irizar ie bus Efficient autobusak 2026ko Urteko Autobusa saria jaso du. Iñigo Azkonak, Irizar e-mobilityko Espainia eta Portugaleko Zuzendari Komertzialak atzo jaso zuen saria Madrilen konpainiaren izenean.
Ibilgailu berria erabat elektrikoa da, eta “aurrerapen garrantzitsuak” dakartza eraginkortasunari, gaitasunari, irisgarritasunari, erosotasunari, segurtasunari eta jasangarritasunari dagokienez. “Irizar e-mobilityk hiri autobus elektrikoen sektorean daukan 15 urtetik gorako esperientzian oinarrituta diseinatu da. Irizar ie bus Efficient berria konpainia osatzen duten pertsona guztiek egindako lan handiaren emaitza da, eta haiei eskaini zaie, hain zuzen, saria”, argitu dute.
Garraioaren Sari Nazionaleko epaimahaiak Irizar e-mobilityko autobusei eman dien laugarren saria da. 2015ean, garai hartako i2e izenekoak jaso zuen saria eta hiru urte geroago, 2018an, Irizar ie tramak. “Gainera, Urteko Ibilgailu Industrial Ekologikoaren saria eraman zuen”. Eta 2021ean, belaunaldi berriko Irizar ie busak jaso zuen berriro saria.

Irizar ie bus Efficient berria
Irizar e-mobilityk 2025eko urrian aurkeztu zuen Irizar ie bus Efficient autobus berria, “10, 12 eta 18 metroko luzeretan eskuragarri dauden autobusen belaunaldi berria”. Era horretan, plataforma berri horrekin, konpainiak “jauzi kualitatiboa zein kuantitatiboa eman, eta posizioa hartu du elektromugikortasunaren abangoardia teknologikoan”.
Gaitasun eta erosotasun handiagoa
Adunako enpresak emandako datuen arabera, “gaitasun eta erosotasun handiagokoa, eraginkorragoa” ibilgailu berria. “Plataforma berri honen hobekuntza nagusien artean nabarmentzekoa da egitura kontzeptu berri bati esker pisua ia 1.000 kg arindu duela, eta horrek bidaiari gehiago sartzeko aukera eman duela”.
Gainera, aurreko autobus belaunaldiarekin alderatuta, autobus berri honetan, energia kontsumoa %10 murriztea lortu dute; “besteak beste, motor trinkoago bat eta eraginkorragoak diren punta-puntako bateriak gehitu direlako”.
Irisgarritasunari dagokionean ere baditu berrikuntzak: “modelo berri honek ate eta korridore zabalagoak ditu, baita bidaiarien fluxu optimizatuak ere, eta horrek sarbide errazagoa, erosoagoa eta inklusiboagoa bermatzen die erabiltzaile guztiei”.
Azken batean, “pertsona guztiek bidaiaz goza dezaten” diseinatuta dago ibilgailua. Horregatik, “gidatzeko guneko klimatizazio independentea hobetu da, eta ibilgailuaren altuera eta pisua murriztu, gidariaren erosotasuna hobetzeko. Gainera, espazio handiagoa eta argitasun hobea lortu da barruan, eta, hala, bidaiarientzat gune erosoagoa eta giro atseginagoa sortu da”.
Nortasun propioa duen diseinua
Kanpoko diseinuari dagokionean, “nortasun indartsuagatik nabarmentzen da, zeina markaren gainerako modeloetan dagoen inspiratuta”. Era horretan,”dauzkan lerro markatuek, aurrealdeko estetika definitu batekin batera, autobusaren izaera bereizgarria indartzen dute. Alboko elementuak bisualki integratzen dira, beirak, panelak eta ateak multzo harmoniatsu bakar batean uztartzen dituen diseinu baten bidez”.
Konpromisoa jasangarritasunarekin
Azkenik, plataforma berri honetan, jatorri birziklatuko materialen erabileran aurrerapen nabarmena lortu dute: “aurreko plataformarekin alderatuta, bikoitza. Mugarri horrek ondo islatzen du Irizar e-mobilityk jasangarritasunarekin eta garraioaren etorkizunarekin duen konpromisoa”.












