Kilometroak Txikia jaia egingo dute Lazkaon, larunbatean
Egitarau zabala antolatu dute larunbateko festarako. Kilometroak jaiaren 50 urteko ibilbidearen erakusketa egongo da. 400 lagun daude bazkaltzeko izena emanda.
Mari Karmen Eizagirre eta haren sendia, lekukoa esku artean. Izaro Villarreal Kilometroak Txikia ospatuko dute Lazkaon, larunbatean. Egun osoko egitaraua prestatu dute. Ikasleak, irakasleak, gurasoak eta Ikastola osatzen duten kide guztiak daude gonbidatuta eguneko ekintza desberdinetan parte-hartzera. Herritarrak urriaren 4an San Benito Ikastolak antolatuko duen Kilometroak jai handian «sartzen» joatea da egun honen helburua, Xeber Maizak, 2026ko Kilometroak jaiaren koordinatzaileak adierazi duenez.
Orain arte herrian egin dituzten ekintzekin gustura daude antolatzaileak: «Herriko eragileek oso jarrera ona azaldu dute lehen momentutik». Larunbateko Kilometroak Txikia ez da gutxiagorako izango. «Jende asko» ari dela larunbaterako izen-ematen aitortu du Maizak, «denei erantzun ezinda gabiltza».
Ikastolaren «komunitatearentzako» eguna izango da, Lazkaoko ikastetxe bakarra den aldetik herritarrekin «lotura estua» duelako. Egun osoko
egitaraua antolatu dute. Hasteko irekiera ekitaldia egingo dute. Ondoren, gazteek erronka taldeak antolatutako jolasak izango dituzte. Haurrek eta gurasoek berriz herritik ibilaldi bat egingo dute. Ibilaldia musikarekin, erraldoiekin eta buruhandiekin girotua egongo da. Eguerdian herri-bazkaria egingo dute ikastolako jolastokian. Arratsaldean, haurrentzako jolasak eta Olgetan erromeria egongo dira.
Kilometroak festaren 50 urteko ibilbidearen laburpena jasotzen duen erakusketa ere egongo da ikusgai larunbatean, Lazkao
Txiki plazan. 1977an Lazkaon eta Beasainen egin zen lehen aldiz ospakizuna eta aurten, urriaren 4an, Gipuzkoako Ikastolen aldeko Kilometroak festaren 50. edizioa ospatuko da Lazkaon.
Herria «mugitzen»
Azaroaren 29ko aurkezpenetik Kilometroak-en presentzia asko handitu da herrian. Hainbat data jakinetan ikusi daiteke arropa salmenta postua eta beste hainbat ekintza.
Baina urriaren 4ko jai handirako herria «mugitzen» hasi nahi dute. Kilometroak jaiari begira, «36 ekintza» egitea daukate pentsatuta. Maizaren hitzetan, ekintza horietako batzuk «urtero» Lazkaon egiten diren ekimenak dira baina «Kilometroak-en arrastoarekin». Beste batzuk aldiz «zerotik» antolatutakoak.
EGITARAUA
- 11:00: Irekiera ekitaldia plazan edo BH estalpean.
- 11:15: Taldea bitan banatuta, jolasak, ibilaldia…
- 13:15: Iritsiera plazara.
- 14:30: Bakzaria HH-LHko eraikineko barruko patioan.
- Bazkalondoren: Kantaldia.
- 15:00: Haurrentzako jolasak.
- 19:00: Olgetan erromeria eta taloak plazan.












