Itsasondoko farmazian ere, sendagaiak prestatzeko programa
Gipuzkoako 61. eta Goierriko 13. herria da Itsasondo. Udaleko gizarte zerbitzuetako erabiltzaileentzat da. Sendagaien erabilera hobetzea bultzatzea da helburua.
Itsasondoko Udalak, Osasun Sailak (Farmazia Zuzendaritzaren bitartez) eta Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteak sinatu duten hitzarmenaren ondorioz, tratamendu farmazeutikoak banaka prestatuta jasotzeko aukera izango dute Itsasondoko Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileek.
Etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileentzat eta familia inguruneko zainketetarako prestazio ekonomiko bat jasotzen duten pertsonentzat programa da. Sendagaien erabilera hobetzea bultzatzen du programak, sendagaiak errazago eskuratzea, eta zerbitzu horien erabiltzaileek sendagaien erabilera eta tratamenduekiko atxikidura hobetzea. Horretarako, Itsasondoko farmaziak zaintzaile nagusiarekin edo etxeko laguntzailearekin lankidetzan jardungo du sendagaiak erosi, kontserbatu eta ematearekin zerikusia duten lanetan.
Aldez aurretik, gizarte zerbitzuek programa horren onuradun izan daitezkeen pertsonak informatuko dituzte. Baimena eman ondoren, eta hasierako elkarrizketa bat egin ondoren, farmazialariak astean behin edo hamabostean behin sendagaiak prestatu eta entregatuko ditu dosifikazio pertsonalizatuetan, dosifikazio-sistema pertsonalizatuen bidez dagokion informazioarekin.
Itsasondoko Iñaki Aizpuru alkateak biztanleriaren zahartze progresiboa eta medikazio beharren gorakada gogorarazi ditu, eta ohartarazi du beti ez dela izaten erabilera egokia bermatzeko beharrezkoa den ahalmena. Ildo horretan, azpimarratu du akordioak etxeko laguntzako langileen lana indartzea ahalbidetuko duela; izan ere, «tratamenduak jasotzeko aukera erraztuko du eta haien erabilerari buruzko informazio egokia hobetuko du, baita arrisku soziosanitarioko balizko egoeren detekzioa ere».
Programa 2009an hasi zen, eta, gaur egun, 954 pazientek erabiltzen dute Gipuzkoan. Iaz, 18.057 blister prestatu zituzten.












