Kilometroak Txikia, urriaren 4ko Kilometroak jaia girotzeko
Lazkaoko Ikastolako komunitatea, Kilometroak Txikia jaia ospatzen ari dira. Egun osoko festa egitaraua antolatu dute.
1977tik urriko lehen igandean ospatzen den Gipuzkoako Ikastolen aldeko Kilometroak jaia irudikatzen ari dira gaur Lazkaon. Urriaren 4an Lazkaon egingo duten Kilometroak jairako motorrak berotzeko eguna da, eta Kilometroak jaiak berezkoak dituen osagai guztiak ditu gaurko Kilometroak Tixkiak.
11:00etan, Lazkaoko ikastolaren sarreran, ikasleek jaiaren nondik norakoak azaldu ondoren, bertsoak kantatu eta aurreskua dantzatu ondoren, Kilometroetan ohikoa den zinta moztea egin dute. Handik aurrera, pegatinak jantzi eta joaldunen, txarangaren eta txistularien laguntzarekin, Kilometro jaian ohiko den ibilaldia osatu dute, guneetan geldialdiak eginez. Ia 600 lagunek hasi dute ibilaldia, eta ibilaldian zehar, gehitzen joan da kopurua.
Herriari itzulia
Herri guztiari itzulia ematea da helburua: plazatik futbol zelai aldera joan, Beneditarren komentuko lorategietatik pasatu eta Lazkao Txiki plazan egin dute lehenengo geldialdia, Kilometroen historia biltzen duen argazki erakusketa ikusi eta salda hartzeko.
Handik Gurutzeraino joan dira eta futbol zelaian egin dute beste geldialdi bat. Jolas kooperatiboak egin dituzte haurrek eta helduek elkarrekin. Handik San Prudentzio ermitatik eta San Jose auzotik pasa, Areria parean Kantujira egingo dute. Hiru bat abestu eta handik erraldoien eta buruhandien laguntzarekin jaitsiko dira plazaraino.
Bitartean, gazteek Erronka taldeak [70 bat gazte] jolasak ari dira.
13:15ak aldera denak plazan elkartuko dira eta ondoren, 400 lagun baino gehiagoko herri bazkaria egingo dute.
Xeber Maiza Kilometroak 26ko koordinatzailearen esanetan, “jendea aktibatzeko, girotzeko, presentzia herrian edukitzeko” eguna da Kilometroak Txikia.
Arratsaldean ere festa giroa
Arratsaldean ere festak jarraituko du. Bazkalondoren, kantaldia eta haurrentzako jolasak izango dira, eta 19:00etan, Olgetan erromeria eta taloak, plazan.












