Otegieneko haur parkea berrituko dute
Ordiziako Udalak jolasgunea "modernizatu" eta haurrei "espazio seguruagoa eta erakargarriagoa" eskaintzeko helburua du. Urtebete eta 12 urte bitarteko haurrentzat jolasak jarriko dituzte.
Otegieneko parkea.Loinaz Agirre Ordiziako Udalak Otegieneako haur parkea berrituko du, jolasgunea “modernizatu” eta haurrei “espazio seguruagoa eta erakargarriagoa” eskaintzeko helburuarekin. Urtebete eta 12 urte bitarteko haurrentzat jolasak jarriko dituzte.
Adur Ezenarro, Ordiziako alkatearen esanetan, “Otegieneako eremu hau berezia da, berdegune zoragarria duelako, eta horregatik, berdegunean haurren jolasa sustatzeko zurezko elementuak jarriko dira, eta era berean, gaur egun dagoen jolas eremua ere berrituko da”.
Parkearen elementu bereizgarria izango den matxinsalto formako jolas berriak jarriko dituztela aurreratu dute, eta “baita egurrezko kulunka berriak ere”.
Bestalde, gaur egun baldintza onetan dauden elementuak zaharberrituko dituzte, jolas eremu berri bat sortuz. “Honela, Otegieneak duen auzoko izaera mantentzea nahi dugu, eta herriko oinezko gune ederrenetakoa dena erakargarriagoa bilakatu”.
74.000 euro inguruko aurrekontua du (BEZa barne) eta Happyludic Playground and Urban Equipment S.L. enpresak egingo ditu lanak. Parkea udararako erabilgarri egotea aurreikusten da.
Parke Sarea
Ordiziako Parke Sarea proiektu parte-hartzailearen barruan kokatzen da Otegieneko parkea berritzea, Okorroko, Barrenako eta Elefantearen parkean elementu berriak jarri ondoren.
Era horretan, Ordiziako Udalak “haurrei zuzendutako aisialdi guneen kalitatea hobetzen jarraitzeko konpromisoa berresten du, jolasa, segurtasuna eta inklusioa ardatz hartuta”.
Udalak nabarmendu duenez, j”olas guztiek Europako segurtasun araudia beteko dute (UNE-EN 1176 eta 1177), eta bakoitzaren inguruan kautxuzko segurtasun-zorua jarriko da, erorketen inpaktua arintzeko”.

Otegieneko parkean jarriko duten jolas elementuetako bat.












