Bost goierritar Mendian Korri Eskolan
Adei Zubiarrain, Xeber Murua eta Ara Otaegi idiazabaldarrak eta Aimar Matxinandiarena eta Xabat Zuñiga zegamarrak ari dira parte hartzen Kilian Jornet Fundazioa eta Salto Fundazioa babesle diren eskolan.
Xeber Murua zutik irudiaren erdian, eta Ara Otaegi pikotxean, eskubitik bigarrena. Adei Zubiarrain falta da argazkian.Mendian Korri Eskola Orain egun gutxi aurkeztu dituzte Mendian Korri Eskolan parte hartzen ari diren taldeen aurkezpenak. Tartean bost goierritar daude, hiru idiazabaldar eta bi zegamar.
Adei Zubiarrain (Idiazabal, 2009) jubenila da, eta aurten hasi da eskolan –argazki saioan ez zen izan–. Xeber Murua (Idiazabal, 2011) kadetea da, eta iaztik dabil eskolan. Bi mutil horiek zazpi probaz osatutako Euskal Herriko Kopan parte hartuko dute –kadeteetatik gorako probak dira–. Ara Otaegi (Idiazabal, 2013) infantila da, eta aurten du lehen denboraldia eskolan.
Aimar Matxinandiarena eta Xabat Zuñiga –ez zen aurkezpenean izan– zegamarrak, biak 2014an jaioak, ere ari dira eskolan parte hartzen. Oraingoz ez dago horien mailako lasterketarik, eta mendiaz ikastea eta gozatzea dute helburu.
Lau talde osatu ditu aurten Mendian Korri Eskolak, eta astean behin elkartzen dira Tolosan taldeko lansaioa egiteko. Kadeteetatik gora, berriz, astean lau saio egiten dituzte, eta hileroko entrenamendu saioa proposatzen diete prestatzaileek bakoitzak bere kontura egiteko.
Aurten Mendian Korri Eskolako kolaboratzaile eta babesleak Kilian Jornet Fundazioa eta Salto Fundazioa izango dira. Eskolako saioak irailaren 1ean hasi ziren eta ekainaren 26an bukatuko dira.
Eskolako irakasle taldea
Jokin Lizeaga mendi korrikalari eta entrenatzailea, Iker Karrera mendi korrikalaria, Malen Osa mendi korrikalari eta eskiatzailea, Naila Jornet mendi eskiatzailea, Joseba Tobar mendi eskiatzailea eta Ibon Artola mendi gidari eta mendi korrikalaria dira Mendian Korri Eskolako irakasleak.
Lizeaga ari da arduratzen denboraldiko entrenamentuen planifikazioa egiteaz, Osarekin eta Karrerarekin saio bereziak egiten dituzte. Jornet eta Tobarrekin lagun dituzte mendiko eskia egiteko aukera izango dute. Artola da eskolaren eta bertako saioak antolatzearen arduradun eta gidari.
Eskolaren helburuak
Aktibitate fisikoaz eta ingurumenaz gozatzea; segurtasuna, ingurumena, orientazioa eta prestaketa fisikoa bezalako edukiak jorratzea; mendizaletasunari lotuta dauden laguntasuna eta errespetua bezalako balioak lantzea; mendian korrika egiten, ibiltzen, mugitzen… bakoitzak bere lekua aurkitzea, lehiatzeko izan edo ez; eta mendian autonomo izaten ikastea dira eskolaren helburu nagusiak.
Lehiatzeko asmoa duten gazteei saioez aparteko entrenamentuekin ere lagunduko diete. Nahi dutenek Euskal Herriko Kopan parte hartzeko aukera izango dute kadete, jubenil eta junior mailan. Zegama-Aizkorri junior bezalako lasterketetarako ere lagunduko diete.
Eskolako arduradunek nabarmendu dutenez, errendimenduari dagokionez helburu nagusia ez dira izango lasterketetako emaitzak. “Hobetzea, entrenatzen ikastea, esfortzuaz gozatzea edota konstantziaren garrantzia bezalako balioak hartuko dira oinarri bezala”.

Aratz Matxinandiarena zegamarra, pikotxean erdian. Xabat Zuñiga ez dago argazkian.Mendian Korri Eskola













