Goierri Valleyk Ezohiko Batzar Orokorra egin du
Goierri Valleyk kudeaketa plana eta urteko aurrekontua onartu du iragan ostiralean egindako batzarrean. Goierriko industrian inpaktu jasangarri baten aldeko apustuan lan egiten jarraituko du.
Goierri Berrikuntza Gunean egin dute ordezkarien aurreneko bilera. Goierri Valley Goierri Valleyk Ezohiko Batzar Orokorra egin zuen joan den ostiralean Ordiziako Goierriko Berrikuntza Gunean. Batetik, 2026ko Kudeaketa eta Aurrekontu Plana onartu zituen, eta, bestetik, hiru proiektu «estrategikoetan» zein zerbitzu «zabal» batean arreta jarriko dutela onartu zuten, eskualdeko industria «lehiakorrari, kolaboratiboari eta jasangarriari» eutsita. Aurtengorako, 560.330,77 euroko aurrekontua izango du.
Proiektu estrategikoak
Batetik, enpresen jarraipena bermatzeko zerbitzua abiaraziko dutela iragarri dute, horretarako RLBO 360º zerbitzua martxan jarrita. Errelebo faltagatik enpresak ez istea eta erabaki estrategiak hartzeko laguntza espezializatua eskaintzea dira helburuak. Hiru fasetan garatuko dela azaldu dute: zerbitzuaren prozesu nagusiak definituko dira aurrena, egokitasuna zein bideragarritasuna bermatzeko lau enpresa pilotutan probatuko dute ondoren, eta zerbitzuaren doiketa egingo dute azkenik, etorkizunerako jarraipena erabakitzeko. Proiektu berri honen inguruko zalantzak argitzeko, hala, aurkezpena egingo dute datorren otsailaren 18an, asteazkena, 8:30ean, Zure enpresaren etorkizunak kezkatzen zaitu? Planifikatu gaur, biharra bermatzeko izenburupean.
Bestetik, Goierrin eraikuntza industrializatuaren eredua bultzatzeko helburua duen proiektua abiaraziko dute, lurraldeko gaitasun industrialak baliatuta sektorea «dibertsifikatu», «aukera berriak» sortu eta tokiko enpresen arteko «elkarlanetik» sortutako enpresa «jasangarri eta eskalagarria» eratzeko.
Azkenik, industria errealitatea haur eta nerabeengana hurbiltzeko ‘Nor da Nor’ joko interaktiboaren demoa onduko dute. Beste helburuen artean, Goierriko enpresetako profesionalen lanbidea eta egunerokoa ezagutaraztea, Goierriko enpresetako profesionalen ibilbide akademiko eta profesionala azaltzea eta profesional horien zaletasun eta bitxikeriak partekatzea da asmoa. 2026an enpresekin ez ezik, ikastetxeekin ere lan egingo dela ziurtatu dute, hartzaileen beharretara jokoa egokituta.
Zerbitzu zabala
Goierri Valleyk bere zerbitzuen katalogoa ere egokitu du, traktore-enpresen eta ETEen arteko «lankidetza areagotuz» eta ezagutza partekatzea ardatz hartuta. Hiru zerbitzu nabarmendu dituzte: batetik, HUB 4.0, elkarteko bazkide ez diren enpresentzat ere irekita dagoen espazioa. Fabrikazio auditiboan espezializatutako laborategia da, eta besteak beste, 3D inprimaketa eta eskaneaketa probatzea; prototipoak, tresnak edo ordezko piezak egitea; eta aholkularitza eta prestakuntza espezializatua jasotzea eskaintzen du.
Bestetik, traktore-enpresen ikuspegi estrategikoa gainerako enpresekin partekatzeko topaketak egingo dituzte, soilik bazkide diren enpresei bideratuta egongo direnak. Eta azkenik, Curriculumen datu-basea kudeatzen jarraituko du, eskualdeko «talentua» eta bazkide diren enpresak konektatzeko.













