Tori! sistemaren armairuak etxeko atarietan jartzeko eskaera egin daiteke
Helburua herritarrek erosketak etxe azpian jaso ahal izatea da, udalaren esanetan "modu erosoagoan, malguagoan eta ingurumena errespetatuz".
Tori banaketa sistemaren armairu bat.Beasaingo Udala Tori! banaketa sistemaren zerbitzua orain arte herriko hainbat puntutan jarritako armairu publikoen bidez eskaini du Beasaingo Udalak. Aurrerantzean etxe ondoan jasotzeko aukera izango da, erosketa armairuak etxeko atarietan jartzeko aukera zabaldu baitu udalak. Instalazioa doakoa izango da. Beasaingo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko dute.
Eskaera egiteko, komunitateko edozein bizilagunek udalaren webgunean dagoen galdetegia bete behar du, eta ondoren jabekideen batzarrean aztertu eta onartu beharko da. Datorren astean eskaera aurrez aurre egin ahal izango da, udalak informazio kanpaina antolatu baitu. Otsailaren 16an kiroldegian egongo da informazio postua, otsailaren 17an Loinazko San Martin plazan goizez eta Erauskin plazan arratsaldez, otsailaren 18an Ezkiaga auzoan arratsaldez eta otsailaren 19an Barrendain plazan arratsaldez.
Postuetara gerturatzen direnek opari bana eta 50 euroko erosketa bonuen zozketan parte hartzeko aukera izango dute.
48 ordu erosketa jasotzeko
Udalaren esanetan, “beste urrats erabakigarri bat” eman da “hiri logistika jasangarriago bat” lortzeko, helburu argi batekin: “Herritarrek erosketak etxe azpian bertan jaso ahal izatea, modu erosoagoan, malguagoan eta ingurumena errespetatuz”.
Bizikleta elektriko eta zamadunen bidez egiten ditu banaketak Tori! sistemak. Beasaingo azokan eta atxikituriko saltokietan egindako erosketak erabiltzaileak hautatutako armairura eramaten dira, eta 48 orduz jaso daitezke, etxean egon beharrik gabe. Udalak azaldu duenez, etorkizunean Correos, DHL eta NACEX bezalako banaketa enpresak atxikitu nahi dira zerbitzura, “azken miliako banaketaren optimizazioaren bitartez trafikoa murriztu eta bide segurtasuna hobetu dadin”.
Proiektua Beasaingo Udala, Bareak, BasqueCCAM, Normo eta Txita erakundeen arteko lankidetzaren bidez garatu da.













