Legazpi eta Urretxu-Zumarraga arteko bidegorria itxita dago
Bellotatik Lekuona baserrira arteko tartea dago itxita, lanengatik.
Legazpi eta Urretxu-Zumarraga arteko bidegorria itxita dago, Bellota industria eta Lekuona baserrira arteko tartean. Tarte horren muturretan kartelak jarri dituzte mozketaren berri emateko.
Obrak egiten ari dira industria gunearen parean, eta horregatik moztu dute bidegorria.
Bidegorria itxita egongo da hilaren 20ra arte, eta epe horretarako da oinezkoentzako eta txirrindularientzako ordezko tramurik ez da jarri.
Sidenorren lantegi ohiko lurzatia birgaitzeko proiektuaren barruan, hartune elektriko bati lotutako lanek eragin dute bidegorriaren mozketa. Hartune hori Bellota industria-eremua berroneratzeko eta berrurbanizatzeko birgaitu da.
Proiektu hau Eusko Jaurlaritzak sustatu du Sprilur sozietatearen bitartez, eta besteak beste, eraikin batzuk eraistea, Urola ibaia azaleratzea eta ingurua berrurbanizatzea biltzen ditu. Proiekturako hainbat milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute, eta obren iraupena urtebete baino luzatuko da. Helburua da erabiltzen ez den lurzoru industrialaren 90.000 metro karratu berreskuratzea, erabilera ekonomikorako, ingurumenerako eta hirirako. Espazio publikoak sortzea sartzen da helburu horren barruan, besteak beste pasealekuak ibaiaren eta bidegorriaren ondoan.
Bidegorriaren eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena da, eta aste honetan hasi dituzten lanetarako aldi baterako baimena eman dio Sprilurri, segurtasun eta garbitasun baldintza batzuk ezarrita.













