Maria Arresek 106 urte bete ditu gaur
Familiarekin eta lagunekin ospatu du urtebetetzea, Santikutz egoitzan. Udal agintariak ere joan zaizkio zoriontzeko.

Maria Arrese Arrieta legazpiarrak 106 urte bete ditu gaur, eta familiaz, lagunez eta egoiliarrez inguratuta ospatu du urtebetetzea, Santikutz egoitzan. Maria Legazpiko biztanlerik adinduena da.
Eskoriatzako Marin auzokoa jaiotzez, gaztetan etorri zen Legazpira bizitzera, Telleriarte auzoko Zatubi baserrira, bertako Eustaquio Balerdi Zufiaurrerekin ezkontzean.Olaberrian jarri ziren bizitzen gutxira, eta Goiko Izarra etxea eginda, urte asko egin zituzten gero han. Duela 46 urte Laubidera aldatu ziren, semea ezkondu zenean, haren ingurura.
Aspaldi alargundu zen Maria, eta 98 urte bete zituen arte Laubiden semearen atari bereko etxe batean bakarrik bizi izan zen, osasunak lagunduta. Azken sei urteak Santikutz egoitzan egin ditu.
«Oso maitagarria»
Mariak eta Eustaquiok seme bakarra izan zuten, Javier. Honek ere, Maite Ugarterekin ezkonduta, seme bakarra izan du, Mikel. Mikelek, berriz, semea eta alaba izan ditu Nerea Anduezarekin: Gorka eta Enara. Guztiak elkartu dira gaur, amaginarreba, amona eta birramonaren 106. urtebetetzea ospatzeko.
Maria emakume lasaia dela diote familiakoek, eta oso dotorea, «xume-xume, baina beti gustatu izan zaio bere burua zaintzea». Gainera, beti oso lagunartekoa izan dela nabarmendu dute, eta familiarekin «oso maitagarria» dela ere bai, «eta maitatzeko erraza».
Arratsaldean udal ordezkariak ere joan zaizkio zoriontzera Santikutz egoitzara, Eric Galvez alkatea eta Nerea Lopez de Heredia gizarte gaietako zinegotzia, hain zuzen.














