Ataunen galtzear dagoen Truk karta-jokoa berpiztu nahi dute
Truk karta-jokoaren aurkezpena egingo dute, gaur, 18:30ean, Ataunen. Atseden-Toki elkarteak araudiaren liburuxka eta bideoa osatu ditu. Ikastaroa eta txapelketa antolatu nahi dituzte.
Ataungo jubilatuen elkarteko kideak karta-jokoan. Manex Usarralde Atseden-Toki jubilatu elkarteko kideek Truk karta-jokoaren aurkezpena egingo dute udaletxeko pleno aretoan, gaur, 18:30ean. Karta-jokoan jolasten erakusten duen bideo bat eta arauen gida liburu bat aurkeztuko dituzte. Truk jokoaren ikastaro bat ere antolatu nahi dute, belaunaldi berrientzat.
Izan ere, belaunaldiz belaunaldi Ataunen jokatu izan den jokoa izan da Truk, baina gaur egun galtzear dagoenez, karta-joko hori «berpiztu» nahi dutela adierazi du, Jexux Goikoetxea Ataungo Atseden-Tokiko jubilatuen elkarteko presidenteak: «Badakigu Gipuzkoako zenbait bailaratan oso bizirik dagoela».
Musaren antzekoa
Tere Dorronsoro Jubilatuen Elkarteko zuzendaritzako kideak adierazi duenez Ataunen oraindik ere «jokatzen» dute: «Malizi askoko jokoa da, musaren antzekoa». Atseden-Tokiko presidenteak Joxe Mari Soroa eta Mikel Urkia trikitilariek ezagun egindako Herriko festak abestiari erreferentzia egin dio: «Abestia Truk jokoaren inguruan da». Dorronsorok abestian jokatzen ari direnak «emakumeak» direla esan du: «Emakumeek gehiago jokatzen zuten trukean eta gizonezkoek gehiago musean».
Ataunen Truk-en jokatzen zutela jakitean «harrituta» gelditu zen Patxi Angulo. Euskal matematikaria da Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle izandakoa 2025 arte.
Jokoenea jokoen museoaren sortzailea ere bada, munduko herrialde ezberdinetako mila joko biltzen dituen museoa da. Goikoetxeak esan du Ataunen Truk jokoan jokatzen zutela esan zienean «harrituta» gelditu zela Angulo.
Txapelketa
Goikoetxearen esanetan, «gazteek jokoa ez dute ezagutzen» eta belaunaldi berriek trukean ikas dezaten jokoaren ikastaroa egiteko asmoa dute Atseden-Tokikoek, eta ondoren txapelketa bat antolatzeko asmoa ere bai.
Atseden-Tokin, atsedenik ez
Atseden-Toki elkartea 1982ko azaroaren 11n, San Martin egunean inauguratu zuten eta Dorronsorok azaldu duenez, ekintza desberdinak antolatzen ditu herria girotzeko. Adibidez: podologo bat hilero ekartzen dute, bazkide batek gidatuta esku-lanen saio bat ere egiten dute, memoria lantzeko edo gimnasia egiteko ekintzak ere izaten dituzte, hilabetero azkeneko ostegunean ibilaldi bat antolatzen dute…
Aurten proiektu berri bat egiteko asmoa dute: urte osoan egiten dituzten ekintzetan ateratako argazkiekin eta bideoekin urte amaieran errepaso bideo bat egingo dute.
150 bazkide dira elkartean. Hala ere, egunerokotasunean «hamabost» lagun inguru biltzearen arrazoia zein den adierazi du Dorronsorok: «Ataungo Aia auzoan bizi den pertsona adindu batek San Martinera kafea hartzera etortzeko zailtasun asko ditu».












