«Han hazi naiz, han heldu naiz; nire bizitzaren parte handi bat da Biarritz»
Biarritz Olympique taldearekin bi urterako luzatu du kontratua Ekain Imazek (Beasain, 2002). Lesio batetik osatzen ari da, eta gaur itzuliko da taldearekin entrenatzera.
Ekain Imaz errugbilaria.Laida Goiburu 2019an hasi zuen Biarritz Olympique taldearekin ibilbidea Ekain Imaz (Beasain, 2002) errugbilariak. 2023ko apirilean debutatu zuen lehen taldearekin, Pro D2 Frantziako errugbi ligako bigarren mailan. 2028ra arte behintzat han jarraituko du, bi urterako luzatu baitute kontratua. Lesio bat tarteko, berriro bere mailarik onenari eusteko gogoz dago.
Beste bi urterako sinatu duzu. Pozik jaso duzu?
Oso pozik. Hasieratik gelditu nahi nuen Miarritzen, oso eroso nagoelako, etxean nagoelako. Oso pozik bi urte behintzat etxean egiteko aukera edukitzeagatik, eta motibatuta datozen bi urteotako.
Kontratua luzatu edo ez. Nola kudeatzen dituzu zalantza horiek?
Urte dezente daramatzat ezjakintasun horretan; eramaten ikasten da. Lehengo urtean lehenengo kontaktuak izan genituen klubarekin, eta orduan esan zidaten sinatzeko asmo hori zutela. Kasu honetan nahiko lasai nengoen, ikusten nuelako nik han jarraitzeko gogoa bazutela. Baina aurreko urteetan izan dira uda urduriagoak, ez nekielako jarraituko nuen… Ezjakintasun hori kirolaren parte da, eramaten ikasten da.
“Aurreko urteetan izan dira uda urduriagoak, ez nekielako jarraituko nuen… Ezjakintasun hori kirolaren parte da, eramaten ikasten da”
Ze balorazio egiten duzu 2019tik honako ibilbideaz?
2019tik errusiar mendi bat bezalakoa izan da; oso momentu onak eduki ditut, oso txarrak ere bai, lesioak tarteko, baina oso positiboki baloratzen dut. Ordizian jokatzen duen gazte batentzat Biarritzekin 18 urtez azpikoan jokatzeko aukera izatea kristorena da, pentsa profesional bezala han aritzeko aukera izatea zer den. Beste pertsona bat naiz. Han hazi naiz, han heldu naiz; nire bizitzaren parte handi bat da Biarritz. Ordizian baino denboraldi gehiago daramatzat han.
2025eko martxoan Biarritzekin lehen bi entseguak lortu zenituen. Partidako jokalari onena. Eta Pro D2 mailako asteko hamabostekorik onenean sartu zintuen Midi Olympique aldizkari espezializatuak. Nola gogoratzen duzu hura?
Garrantzitsuak partida guztiak dira. Normalean hirugarren lerroan jokatzen dut eta bigarren lerroan jokatu nuen partida hartan, lesioak zeudelako. Entrenatzaileak galdetu zidan ea prest nengoen bigarren lerroan jokatzeko, baietz esan nion eta justu tokatu zitzaidan bi entsegu egitea; lehenengoa erdi opari bat izan zen eta bigarrena entsegu polit bat izan zen. Oso pozik. Txikitatik ezagutzen nuen aldizkari hori eta gero hor nire izena ikustea harrotasun bat bada. Baina hori azkenean ez da egunero begiratzen diozun zerbait, estra moduko bat da, etortzen bada ondo, baina ni jokatzen ditudan minutu guztiekin gelditzen naiz.
Orain lesionatuta zaude. Zer moduz daramazu?
Orain bukatu dut fisioarekin pasatu behar den etapa hori. Kostata baina behintzat ondo erantzun dit hankak, eta gogoarekin nago jokatzeko. Itxura denez ondo doa dena, eta gaur taldearekin entrenatzen hasiko naiz berriz. Espero laster jokatzeko prest egotea.
Espainiako selekzioarekin 2027ko Australiako Munduko Txapelketarako txartela lortu zenuten. Horri begira zaude?
Itxaron egin behar da, bitarte horretan hemen ari gara. Erantzuten ari naiz dauzkadan minutuetan, eta egia esan motibazio handi bat da. Txikitan lagunekin gelditzen ginen munduko kopako partidak ikusteko; orain munduko kopako partida bat jokatzea kristorena izango litzateke. Baina urte eta erdi falta da. Denboraldia bukatu behar da, beste bat egin behar da… gauza asko pasatu daitezke. Baina motibatuta nago, aukera guztiak aprobetxatzen eta ahalik eta maila onena ematen deialdi horretan sartzeko. Ez banaiz sartzen beste aukera batzuk egongo dira, baina luzera begirako helburu handi bat da.
“Munduko kopako partida bat jokatzea kristorena izango litzateke, baina urte eta erdi falta da”
2028ra arte behintzat Biarritzekin kontratua duzu. Euskal Herrian, etxean jokatzeak balio gehigarria du?
Nahiz eta ingurune oso frantsesa izan, Biarritz taldeak beti izan du euskal kulturarekin harreman hori. Lehengo urtean ikurrinaren kamisetarekin jokatzea niretzat kristorena zen. Partiden ondoren aldagelan euskal kantak jotzen dituen talde bat sartzen dute eta hori ere ederra da. Noski, beste puntu bat ematen du. Ipar Euskal Herrian errugbia bizitzen den moduan, Biarritz bezalako talde batean jokatzeak izugarrizko balioa dauka.
Esan izan duzu ametsa dela Biarritzekin lehen mailara igotzea. Horrek hor jarraitzen du?
Noski. Urtero izaten den helburua da. Bigarren mailan zaudenean beti kirolari batek lehenengo mailara igo nahi du. Amets bat izango litzateke lehenengo mailan jokatzea, eta Biarritzekin baldin bada hobeto. Lehenengo mailara igotzeko bide hori polita, oso intentsoa baina zaila da, eta hori bizitzeko gogoa ere badaukat. Maila mantendu, ez mantendu borroka hori bakarrik ezagutu dut nire ibilbide profesionalean, eta txanponaren beste aldea ezagutzeko gogoa ere badaukat. Aurtengo denboraldian Top6a, play-offak nahiko urruti dauzkagu, baina pare bat partida irabazita borrokan sartu zaitezke. Halere, helburua da ondo salbatzea eta hurrengo urtean eta hemendik bi urtera ea igotzeko aukera daukagun, edo behintzat play-offak jokatzeko aukera daukagun.












