Ikastetxeak, Arangoiti eta udala batuta, elikagaien xahutzea murrizteko
Ikastetxeetako eta Arangoiti adinekoen zentroko jangeletan soberan geratzen den janaria ontziratu eta udaletxe azpian dagoen makinan jarriko dute, beharra duen edozein herritarrek doan hartu dezan.
Udaleko, ikastetxeetako, Arangoitiko eta fundazioko ordezkariak makinaren aurrean, udaletxe azpian.Laida Goiburu Beasaingo Murumendi, La Salle eta Alkartasuna ikastetxeetako, Arangoiti adinekoen zentroko, udaleko eta Zero Hondakin Fundazioko ordezkariak udaletxe azpian elkartu dira, azken urteetan aurrera eraman duten proiektuaren berri eta lankidetza horren emaitza ezagutzera emateko. Udaletxe azpian jarri baitute rexcatering proiektuko makina bat, beharra duen edozein herritarrek doan hartzeko aukera izan dezan, elikagaien xahutzeari erantzun bat emanda modu horretan.
Alvaro Saiz Zero Hondakin fundazioko zuzendariak gerturatu diren ikasle eta irakasleei zein Arangoitiko ordezkariei makinaren funtzionamendua azaldu die aurrena, eta ikasleek beraiek egin dute ontziak makinan sartzeko proba gero. Haiek izango baitute ikastetxeko eta zentroko jangeletan soberan geratzen den janaria jaso, ontziratu eta makinan sartzeko ardura aurrerantzean. Arangoitiren kasuan, udaleko gizarte hezitzailea inplikatuko da anoak makinara garraiatzean. Herritarrek ontzi bakoitzak duen zenbakia sakatu baino ez dute egin behar anoa jasotzeko. 24 orduz dago martxan. Ikastetxe bakoitzak zein zentroak erabakiko du ze maiztasunarekin eraman janaria makinara, soberakinen arabera.
Saizek azaldu duenez, 2018an hasi zen fundazioa rexcatering proiektuan lanean, eta azken lau urteak inplementazioan eman dituzte: “50 ikastetxe eta egoitzak parte hartzen dute, batez beste 45.000 anoa berreskuratzen ari gara hilabetero, eta jarri orduko, 3 ordu eta erdian bukatu ohi dira”.

Estigmatizaziotik urruntzeko nahia
Elikagaiak aprobetxatzeko ekimen bat izateaz gain, Adur Ugartemendia alkateordearen esanetan, “udal gobernuak dituen helburu estrategikoen isla” da proiektua: “Ingurumen ikuspegitik, inpaktu zuzena duelako sortzen dugun zabor kopurua murrizten; ikuspegi sozialetik, beharra duten pertsona horientzat prestatutako elikagaiak eskura jartzen ditugulako; eta ikuspegi ekonomikotik, hor dauden baliabideak aprobetxatzen direlako eta eraginkortasunaren ikuspegitik ere positiboa delako”.
Arlo sozialari lotuta, alkateordeak azpimarratu du “estigmatizaziotik urrundu nahi den ekimen bat” dela, beharra duen edozeini irekia: “Ez da kolektibo batzuentzat soilik”. Ikasleengan izango duen inpaktuaz ere hitz egin du: “Uste dugu benetan inpaktu positiboa izango duela ikasleentzat, konpromisoaren ikuspegitik eta kontzientzia hartzeko”. Helburua “gutxiago xahutzea, gehiago partekatzea eta elkarrekin egitea” dela azaldu du, eta azken ezaugarri horri heldu dio: “Arangoiti izateaz belaunaldien artekotasun kutsua ematen dio ekimenari; gazteak eta adinekoak elkarlanean aritzea horrelako helburu soziala duen proiektu batean benetan aberasgarria da”.
Bigarren makina jartzeko aukera
Mariola Pascual Herritarrak arloko zinegotziak eman du proiektua martxan jarri aurretik egindako lanketaren berri. 2023. urte amaieran jarri zen udala fundazioarekin harremanetan. “Ekimenak gizarte ongizate saila, gizarte hezitzaileak, ikastetxeak eta Arangoiti inplikatu ditu bereziki”. Lehen bilera egin ondoren, Portugaleteko Asti Leku ikastetxera joan ziren udal ordezkariak proiektua gertutik ezagutzeko, eta esperientzia “oso positibo” hori eta gero, azalpen bilera bat egin zuten ikastetxeetako eta Arangoitiko ordezkariekin. “Harrera ere oso ona izan zen. Une horretatik aurrera, eskolen eta egoitzaren erantzuna jaso ondoren, eskoletako egokitzapen eta prestakuntza lanekin hasi zen; hau da, bilketa, ontziratzea, hozkailuen kokapena…”.
Beasaingo Udala “aitzindari” izan da, agertu duenaren arabera, lehen aldia baita udal batek ekimena finantzatzeaz gain gauzatzean ere zuzenean inplikatzen dena. Horrek, Pascualen hitzetan, “proiektua benetan zeharkakoa bihurtzen” du, “non gizarte arloa ez den laguntza hutsa baizik eta sistemaren zati operatiboa”.
Ekimenaren bitartez, batetik, elikagaiak ahalik eta gehien aprobetxatzea eta ikastetxeetan eta egoitzan soberakinak murriztea espero du udal gobernuak. Eta bestetik, eskolak eta herritar guztiak inplikatu nahi ditu zero hondakin sortzeko helburuan. Lehen fasea abian da; bigarren fase batean bigarren makina bat ezarriko litzateke herriko beste gune batean. “Fase honetan parte hartu ez duten baina interesa erakutsi duten beste ikastetxe batzuk inplikatuko lirateke. Kontua ez da janaria berreskuratzea soilik, baizik eta lankidetza sare publiko bat aktibatzea, egoitza, herriko eskolak, gizarte hezitzaileak, herritarrak eta udala ekonomia zirkularreko zirkuitu berean batzen dituena”.













