Korrikalari gaztez beteta dator Ordiziako Mendi Lasterketa
Igandean jokatuko da Goierri Kopa Traileko bigarren proba puntuagarria. Lasterketaren epizentroa izango da Ordiziako plaza. Korrikalari guztien %17 emakumeak dira, eta %25 gazteak.
Izaro Rubio antolatzailea eta Jon Ander Caballero udaleko zinegotzia, gaur goizeko aurkezpenean. Izaro Villarreal Igandean jokatuko da Txindoki Atletismo Taldeak antolatu ohi duen Ordiziako Mendi Lasterketa, Goierri Kopa Traileko bigarren proba puntuagarria. Gaur egin dute lehiaketaren aurkezpena, Majori kiroldegian, eta probaren nondik norakoak argitu dituzte. Garinen hasi zen kopa iragan urtarrilean, eta Legazpin amaituko da, urriaren 18an. Hurrengo proba, Urretxu-Zumarragan jokatuko da, martxoaren 1ean.
Ordiziako lasterketa honen sorrera 1968an dago. Juanito Rubio eta Ignacio Eskitxabelek apustu bat egin zuten; lehenengoak ordubeteko abantaila eman zion bigarrenari Larraiztik San Migelera joan etorria egiteko. Rubio gazteak korrika egin zuen ibilbide hura, eta Eskitxabelek, urte batzuk gehiagorekin, berriz, oinez. Azkenerako, apustua Eskitxabelek irabazi zuen, eta hura omentzeko, 2018an egin zuten aurrenekoz Ordiziako Mendi Lasterketa. Taldeka izan zen, Aralarretik barrena, jatorrizko ibilbidean.
Urte batzuk beranduago, ibilbidean aldaketak eman zituztela azaldu du Izaro Rubio, Juanitoren alaba, lasterketako antolatzaileak. 2023an, hain justu, Aralartik Ordizia eta inguruetara ekarri zuten lasterketa, eta gaur-gaurkoz, bi proba jokatzen dira, distantzia ezberdinetan: batetik, trail modalitateko luzea, 21 kilometrokoa eta 1.000 metroko desnibelduna; eta, bestetik, esprint motako motza, 14 kilometrokoa eta 600 metroko desnibelduna. Lasterketa luzeko korrikalariak Murumendira igoko dira, eta motzekoak, berriz, Agorta eta Ioiara. Biak plaza nagusian hasi eta amaituko dira.
Antolakuntzak hiru anoa postu jarriko ditu ibilbidean zehar: Agortan, Murumendin eta Ioian.
Goierritarrak trotean
Inauterien eragina soma daitekeela jakinarazi du Rubiok, oraingoz behintzat, izen ematea iaz baina «motelago» doalako. Halere, 200-250 korrikalari inguru espero dituztela dio, horien artean ia %17a emakumezkoak. Bereziki gaztetxoen «partaidetza handia» ere azpimarratu nahi izan du: «Dagoeneko izena eman duten korrikalarien artean %25 inguru dira 25 urtez azpikoak. Lehenago karrera popularretan jende heldu gehiago ikusten zen bezala, geroz eta gazte gehiago lehiatzen dira orain mendian, eta pozgarria da hori».
Goierritarren presentzia ere nabarmena izango dela aurreratu du. Iazko lasterketaren antzera, dagoeneko goierritar ugarik eman dute izena. Gizonezkoen artean, Ander Biguri, Jon Rodriguez, Manu Unanue, Ignacio Leon, Julen Balerdi eta Joseba Leunda nabarmendu ditu, eta emakumezkoen artean, berriz, Intza Urrestarazu, Nora Anton, Lara Ugalde eta Ane Zubiarrain. Beste korrikalari asko ere badaudela ziurtatu du, baina «denak ezin aipatu». Larunbatera arte egongo da izena emateko aukera, kronoak.com webgunean.
Eskertzak
Lasterketa aurrera eraman ahal izateko «ezinbestekoak» diren bolondres zein babesleak gogora ekarri ditu Rubiok: «Gure kasuan ere horiek gabe ezinezkoa litzateke, eta hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu». Euririk ez da espero iganderako, ez eta eguzkirik ere. Antoltzaileek «disfrutatzeko eguna» izatea nahi dute: «Ordizian giro on bat sortu nahi dugu korrikalari eta ikusle guztien artean, eta bertaratzera gonbidatzen ditugu herriko zein inguruko goierritarrak».












