36 etxebizitza gehiago Zumarragan
Eitzaga Berriko etxebizitza sozialetako giltzak apirilaren 25ean emango dituzte. Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua Zumarragan izan da.
Eusko Jaurlaritzak alokairuko 108 etxebizitza egin ditu Eitzaga auzoan. 72 babes publiko ofizialekoak dira eta beste 36ak sozialak. Babes publiko ofizialeko etxebizitzen giltzak abenduan banatu zituzten eta etxebizitza sozialen giltzak apirilaren 25ean banatuko dituzte.
Giltzen banaketa ekitaldiaren dataren berri gaur eman dute. Ekitaldian Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, David Lucas Etxebizitza eta Hir Agendako estatu idazkariak, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren ordezkariak, Patricia Val Hevia Alokabideko zuzendari nagusiak eta Mikel Serrano alkateak parte hartu dute.
Itxasok Zumarragako etxebizitza eskariaren berri eman du. «369 bizikidetza unitate daude inskribatuta Etxebiden. Horietako 300 alokairuko etxebizitza baten bila dabiltza. 167 udalerrian erroldatuta daude eta 133 Urola Garaikoak dira».
Eskatzaileen artean gazteak eta bakarrik bizi direnak nagusitzen direla gehitu du. «Eskaeren %48, 36 urtetik beherakoek egin dituzte eta 137 bizikidetza unitate pertsona bakarrekoak dira».
Eusko Jaurlaritzak alokairuko etxebizitzen aldeko apustua egin duela gogoratu du eta Zumarragan etxe gehiago egingo dituztela aurreratu. Geriatriko zaharreko lursailean 24 zuzkidura bizitoki eraikiko dira. «Ahalmen ekonomiko txikia duten pertsonei etxebizitza eskuratzeko aukera ematea da helburua. Logela bateko hogei eta bi logelako lau egingo dira. Horietako bat mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egongo da. Obra 2026ko amaieran edo 2027ko hasieran abiatuko da eta 22 hilabete inguru iraungo du».
Forjas eremuan, berriz, alokairuko 44 etxebizitza babestu egingo dira. Obra 2028ko urtarrilean hastea espero dute.
Itxasok, Lucasek eta Serranok erakundeen arteko elkarlana azpimarratu dute. Izan ere, Eitzagako etxeak udalak utzitako lurretan egin dira eta obra Etxebizitza eta Hiri Agenda ministerioaren bidez bideratutako Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidez finantzatu da. Aurrekontua 12,3 milioi eurokoa izan da; Europatik jasotako laguntza 4,7koa.














