Elurretara irteera antolatu du Izadi Zaleak mendi elkarteak
Canfranc aldera joango dira otsailaren 28tik martxoaren 1era, eta eski alpinoa eta trabesia egiteko aukera izango da. Herritar guztiei zuzendutako irteera da, eta izenak emateko epea irekita dago.
Izadi Zaleak mendi elkarteak “haurrek eta helduek hainbeste desiratzen duten” elurretara irteera antolatu du otsailaren 28tik martxoaren 1era bitarteko astebururako. Aurten ere “arrakasta izan zuen plana” errepikatuko dute, eta Canfranc aldera (Huesca, Espainia) joango dira, Astun-Candanchu eski estazioetan ibiltzeko.
Urtero bezala, bi aukera eskaintzen dituzte. Batetik, eski alpinoa egiteko aukera izango dute “pistetan trebeenak direnek”, Astunen bi egun osoko eski saioekin. Eskiak pistetan bertan alokatu ahal izango dira. Beste aukera trabesia izango da, “neguko mendi ibilaldiak maite dituztenentzat”, Astungo inguruetan elur erraketekin ibiltzeko. Pico Monje, Izas Kanala edo Canal Roya proposatu dituzte trabesia egiteko, eta, elurraren baldintzen arabera, beste ibilbide alternatibo batzuk ere bai. Kasu honetan, erraketak, kranpoiak eta pioleta Izadi Zaleak elkartean daude eskuragarri.
Aurten ere Canfranceko aterpetxean lo egingo dute, mantenu erdiko erregimenean. Eta “elur egun gogor baten ostean indarrak berreskuratzeko afaria” Universo jatetxean izango dute. Afaldu aurretik turismo pixka bat egiteko aukera ere eskainiko dute, eta Canfranceko nazioarteko estazioa bisitatuko dute.
Plaza mugatuak
Asteburu osorako plana izango da, eta larunbatean, otsailak 28, aterako dira Legazpitik, 05:30ean. Itzulera igande iluntzean izango da.
Plaza mugatuak daude, eta tokia erreserbatzeko fidantza ordaindu beharko da. Izena emateko epea irekita dago, eta horretarako elkartera joan behar da, gaur, eta datozen asteetako astearteetan eta ostegunetan, 18:30etik 19:30era.
ARGAZKIAK: Izadi Zaleak elkarteak utzita, iazko irteerakoak.














