Legazpin hasi dira inauteriak
Festen hasiera ofiziala bihar izango da, Lintx eta Katamaloak iristean. Bitartean, gaur arratsaldean Doinua musika eskolako fanfarreak inauteri doinuak zabaldu ditu erdigunean zehar. Eguraldiak eraginda, aldaketak iragarri dituzte biharko eta larunbaterako ekitaldietan.
Doinua musika eskolaren fanfarrearen eskutik, Legazpin hasi dira inauteriak. Musika eskolako ikasleek eta irakasleek osatutako taldeak kalejira egin du erdigunean zehar gaur arratsaldean, jai horien ikur diren abestiak legazpiar guztiekin partekatuz. Mozorroak eta festa giroa izan dituzte lagun.
Hemendik aurrera, eta igandera arte, ekitaldiz beteriko egunak izango dira herrian, eguraldi iragarpen txarrek hainbat aldaketa eraginda hasierako egitarauan. Hala, biharko haurren desfilea airean dago, eta Haztegi ikastolak deialdia egin die ikasleei aurtengo inauteriak Bikuña kiroldegian ospatzeko. Han elkartuko dira guztiak eta desfilerako ikasitako dantzekin bi emanaldi egingo dituzte, lehenbizikoa 15;45ean eta bigarrena 16:15ean. Olamendiko ikasleek, berriz, Urbeltz pilotalekuan egingo dute ohiko jaialdia, Itsason murgilduta izenburuarekin, 15:00etan hasita.
Larunbateko Gaztetxeko inauterian ere aldaketak iragarri dituzte, eta Azokan ospatuko dute arratsaldeko festa.
Igandean Sustraiak dantza taldeak eta hainbat herritarrek kaleratuko duten Gipuzkoako inauterien konpartsarako ez da aldaketarik iragarri oraingoz.















