Perun barrena bizikletan, Mikel Bringasen eskutik
Bidaiari donostiarrak ikus-entzunezkoa eskainiko du Legazpin datorren asteartean, hilak 17. Herrialde horretan egindako ibilbidea azalduko du.
Peru, munduko ibilbiderik onena izenburuarekin, Mikel Bringas bidaiari donostiarrak ikus-entzunezkoa eskainiko du Legazpin, herrialde horretan bizikletan egindako ibilaldia kontatzeko. Emanaldia datorren asteko asteartean izango da, otsailak 17, Kultur Etxean, 19:00etan.
Ikus-entzunezko honen egilearen oporrak bizikletaz izan dira gaztetatik, urtero helmuga aldatuz. 2024an Perura joan zen, “Alee Denham zikloturismoko guruak dioen bezala, Perun dagoelako munduko zikloturismo-ibilbiderik onena”. Bidaia hartan “maitemindu” egin zen, eta hurrengo urtean errepikatu egin zuen.
Ordubete irauten duen ikus-entzunezkoa eta hitzaldia izango dira Legazpin eskainiko dituena, hiru zatitan antolatuta. Hasierako aurkezpen laburraren ondoren, 30 minutuko bideo bat etorriko da, “bilbideko esperientzia” erakusten duena. Ondoren , “egin ohi dizkidaten galdera-erantzun nagusiak irudiz azaltzen ditut, eta beste berri batzuk egitera animatzen dut”. Amaitzeko, geo-argazki jolas bat egiten da, bertaratutako guztiek parte hartuz.
Bringasek bizibidaia.wordpress.com webgunean ditu jasota bizikletarekin egindako bidaiak.













