Euriak ez du Legazpiko inauteria gelditu
Ikastetxeetako ikasleek, familiek eta irakasleek aterpean egin dituzte inauteri emanaldiak, eta Lintx eta Katamaloak Azokan izan dira jaiei hasiera ofiziala ematen.
Lintx eta katamaloak Legazpiko Azokan. Tere Madinabeitia Eguraldi txarra iragarrita zegoen, eta euriak ez ditu legazpiarrak atzera bota inauteriak ospatzen hasteko. Aterpeetan abiatu dira jaiak, Lintx eta Katamaloek hasiera ofiziala emanda. Igandera bitartean, izango da mozorrotzeko eta mozorro giroaz gozatzeko aukera Legazpin.
Euriagatik, gaurko ikasleen desfilea bertan behera geratu da, eta Olamendi ikastetxekoak Urbeltz pilotalekuan elkartu dira urteroko inauteri emanaldia egiteko, Haztegi ikastolak Bikuña kiroldegiaren aterpean elkartu diren bitartean.
Inauteri jaiei hasiera ofiziala emateko ardura duten Lintx eta Katamaloek, aldiz, Azoka aukeratu dute, eta hara bertaratu dira Trapalta txarangaren doinuez lagunduta.
Jaiak hasi dira, eta jarraipena izango dute arratsaldean eta gauean, batez ere aterpeen eta tabernen babesean.
Bihar Gazte Asanbladaren festa eguna izango da, eta horiek ere Azokara aldatu dute arratsaldeko festa, eguraldiari aurre egiteko. Igandeko Sustraiak dantza taldearen konpartsan, aldiz, ez dago momentuz aldaketarik iragarrita.
Dena ondo bidean, eta asteburuan busti arren, legazpiarrak igande iluntzera arteko festak dituzte aurretik. Lintx panpina erreta agurtuko dira berriz ere inauteriak igande iluntzean.
LEGAZPIKO INAUTERIAK
Ostirala
19:00: 60-70 hamarkada Alaitasuna Errondailarekin, 20:30ak arte, Laubiden
Larunbata. Gazte Asanbladaren inauteria: marrazki bizidunak
14:30: Bazkaria Gaztetxean
18:00: Karro-poteoa Azokan
23:00: Kontzertuak Gaztetxean: Xaribari eta Komando Sesera
Igandea: Gipuzkoako inauteriaren herri konpartsa, Sustraiak dantza taldearekin
11:00: Konpartsa Laubiden elkartuko da.
12:00: Konpartsa Laubidetik irtengo da.
Ibilbidea: Laubide, San Inazio, Juanastegi, Bikuña Enea, Plazaola.
17:30: Arratsaldeko saioa.
Ibilbidea: Gernika Plaza, Kale Zaharra (Karibe Zaharra parean), Kale Nagusia (Karibe Berri eta Gurrutxaga parean), Euskal Herria plaza.
19:00: Lintxen agurra, panpina erretzea eta inauterien amaiera, Euskal Herria plazan.













