GUNE Goierri garaiko nekazari elkartea berraktibatzeko bidean da
Sektorearen gaurko egoera ezagutzeko inkesta bat jarri dute martxan eskualdeko baserritarren artean. Belaunaldi berrien eta tokiko erakundeen babesa dute GUNE berraktibatzeko bidean.
GUNE elkarteko ordezkariak, iazko udan, Urretxuko Santa Barbaran.Iñaki Gurrutxaga Ezkioko, Itsasoko, Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako baserritarrek inkesta bat jasoko dute datozen egunetan, GUNE Goierri Garaiko Nekazarien Elkarteak bideratuta. Sektorearen gaur egungo egoera, beharrak eta lehentasunak ezagutzeko helburua du. Inkesta whatsapp bitartez edo udaletxeek bidaliko dituzten eskutitzen bitartez iritsiko zaizkie.
Elkarteko ordezkariek adierazi dutenez, “lehen sektoreak biziraupen-krisi larria bizi duela agerikoa da Gipuzkoa osoan. Azken hamabost urteetan, nekazari eta abeltzainen %90ak lan-jarduera nagusi izateari utzi dio Euskadin. Horrek erakusten du sektorearen eredua indartu beharra dagoela. Noski, joera orokor horrek bere eragina du eskualde honetan ere”.
Horren aurrean, azken hilabeteetan inguruko herri eta auzoetako ekoizle eta baserritarrek indarrak batu dituzte duela 30 urte sortutako GUNE elkartea berraktibatzeko. Elkartea bera sendotzeaz gain, Nekalde makinaria elkartearen zerbitzuak bermatu eta hobetzea nahi dute. Hori guztia aurrera eraman ahal izateko, “aurretiaz lanketa sendoa” egin dute tokiko erakundeekin lankidetzan. Mankomunitatea, Uggasa, Goimen elkartea eta lau udalak dira erakunde horiek.
Orain baserritarren artean zabalduko duten inkesta lanketa hori borobiltzera dator. “Inkestan bildutako datuek aukera emango dute GUNE berri bat irudikatzeko, eta hurrengo urteetako pausuak modu eraginkor batean bideratzeko”.
Belaunaldi berriak eta tokiko erakundeen babesa
GUNE elkartearen berraktibazioaren atzean belaunaldi berriak daude, eta Mankomunitatearen eta udalen prestasuna dute, elkarlanerako. Elkarteari bultzada eman diotenek aitortu dutenez, “egia da Goierri garaiak dinamika berezia izan duela nekazaritzan eta landa munduan”, bina orain “une polita bizi du dinamika horiek berreskuratzeko belaunaldi berrien eskutik”.
GUNE elkarte berrituaren oinarriak elkarlanean landu dituzte. Batetik, baserritarren eta landa eremuan bizi direnen elkar gunea izango da elkartea. “Baserriko mundu zabal eta anitzaren beharrei aurre egiteko, eta informazioa elkarbanatzeko, behar komunak identifikatzeko eta aukerak lantzeko espazioa eta lotura puntua da. Beti ere, eskualdeko baserritarren eta landa eremuko bizimoduaren kalitatea babesteko eta hobetzeko helburuarekin”.
Gainera, proiektu desberdinak bilduko eta berriak abiatuko ditu. Hala, egun Nekaldek ematen dituen zerbitzuak eguneratu, dibertsifikatu eta indartuko ditu, eta Bertatik Bertara egitasmoa ere barneratuko du.
Eskualdeko baserri munduarentzako “erreferentziazko puntu” ere bilakatuko da, eta zerbitzuak eta aholkularitza eskainiko du, eta erakunde desberdinekin, zein gizarte eragileekin “erreferentziazko ahotsa” izan nahi du.
Azkenik, “kide bakoitzaren autonomia eta izaera mantenduz”, elkarte “ireki, inklusibo eta ez baztertzaile moduan” proposatzen da, laguntasuna eta elkarlana eskainiz.













