Aranburu, bigarren postuan
Bigarren postuan amaitu du ezkiotarrak, denboraldiko lehenengo lasterketa, Portugalen. Ion Izagirrek bosgarren postua eskuratu zuen.
Ion Izagirre eta Alex Aranburu, larunbatean, Figueira Champios Classic lasterketan. Hitza Goierriko hainbat txirrindularik Portugalen eman diote hasiera denboraldiari, pasa den asteburuan. Figueira Champios Classic lasterketa jokatu zen larunbatean Coimbran, eta Alex Aranburu (Cofidis) txirrindulari ezkiotarrak bigarren postuan amaitu zuen lasterketa. Antonio Morgado portugaldarrak (UAD) lortu zuen garaipena, Aranburu azken metroetan gaindituta. Ion Izagirrek bosgarren egin zuen, irabazlearengandik 10 segundora. Euskaltel Euskadi taldeko Nicolas Alustiza, Xabier Berasategi eta Xabier Isasa txirrindulari goierritarrak ere izan dira Portugalen, baina ez dute nabarmentzeko posturik lortu.
2023an hasi ziren Figueira Champios Classic lasterketa antolatzen eta 2024tik UCI Pro Series mailan dago. Klasikoa eskakizun gorenekoa izan zen, parte-hartzearen eta ibilbidearen gogortasunaren aldetik. Irteeran, zortzi WorldTour talde eta zazpi ProTeam izan ziren 192,7 kilometroko ibilbideari aurre egiteko. Tropela azken zirkuituan aukeratu zen, Rua Parque Forestal (2,4 km, % 7,8an) eta Enforca Cães (800 m, % 7,3an) igoeretan, hain zuzen ere. Aranburuk aparteko lasterketa osatu zuen hasieratik amaierara; garaipena ere esku eskura izan baitzuen azken metroetara arte.
Hurrena, Andaluziako Bira
Hurrengo hitzordu garrantzitsua otsailaren 18tik 22ra jokatuko den Ruta del Sol, Andaluziako Biran izango dute biek ala biek. 72. edizioa izango da aurtengoa eta bost etapatan banatuta jokatuko da. Benahavisen (Malaga) hasi eta Lucenan (Malaga) amaituko da bira eta nazioarte mailako txirrindulari garrantzitsuen parte hartzea espero da.













