Pentsioen errebalorizazioa "behingoz" onartzea eskatu dute Goierri beheko pentsiodunek
Ordiziako plazan elkartu dira gaur goizean. Pentsioen errebalorizazioa Kongresuan onartzea exijitzeko eta egoera honen aurrean duten haserrea plazaratzeko Donostian mobilizatuko dira larunbatean.
Astelehenero bezala, Goierri beheko pentsiodunak kalera atera dira gaur ere. Ordiziako plazan bildu dira, Gobernuak otsailaren 3an pentsioak errebalorizatzeko onartutako Lege Dekretua oraindik Kongresura eraman ez izana, eta bihar zein etzi egingo diren osoko bilkuretako bozketetan ere oraindik sartu ez izana salatzeko. Bide beretik, larunbatean 12:00etan Donostiako Bulebarretik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte pentsiodunak, langileak eta “ezkutu sozialaren indargabetzeak” eragindako kaltetu guztiak.
Azaldu dute “onartezina” dela pentsioen errebalorizazioarekin aurtengoan ere gertatzen ari dena: “Onartezina da gobernua pentsioen errebalorizazioa bermatzeko gai ez izatea eta bereziki hilaren amaierara iristeko diru-sarrera nahikorik ez dutenei ezinegona eta segurtasunik eza eragitea”.
Egoeraren aurrean alderdi politikoen “bidegabekeria” ere salatu dute, argudiatuta beren “interes partikularrak pentsioen bizi-baldintzen hobekuntzaren aurretik” jartzen dituztela.
Horregatik, zenbait exijentzia plazaratu dituzte, eta horiek aldarrikatuko dituzte larunbateko mobilizazioan ere:
- “Pentsioen balioa automatikoki handitzea bizitzaren kostuaren benetako igoeraren arabera.
- Igoera izan duten arren, miserableak izaten jarraitzen duten gutxieneko pentsioen hobekuntza nabarmena.
- Gutxieneko pentsioa Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatzea, genero-arrakala kroniko ez bihurtzeko eta adinekoentzako diru-sarrera nahikorik eza eragozteko.
- Gutxieneko pentsioak LGS lanbide arteko gutxieneko soldataraino osatzea EAE eta Nafarroako Foru Komunitatean (NFK).
- Berehala onartzea Ezkutu sozialean pertsona zaurgarrienak babesten dituzten neurriak.”
Borrokan segiko dutela ziurtatu dute. Datorren astelehenean Beasainen elkartuko dira.
Argazkiak: Izaro Villarreal














