Urretxuar-zumarragarrak nagusitu dira Ordiziako bigarren kanporaketan
Gabiriako zein Legorretako taldeei aurre hartuta arituko dira Amaia Iturriotz, Uxue Fernandez eta Beñat Torres Lazkaon jokatuko den Goierriko finalean, Oriako Tramanak taldearekin batera. Hirugarren aurkaria ostiralean erabakiko da, Ataunen.
Goierriko finaleko bigarren talde finalista, Ordiziako saioa irabazi berritan. Hitza Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren bigarren kanporaketa ostiralean jokatu zen Ordiziako Kiska tabernan, eta urretxuar-zumarragarren taldea izan zen martxoaren 7an Lazkaon jokatuko den eskualdeko finalerako txartela lortu zuena. Beasaingo Oriako Tramanak taldearekin batera arituko dira finalean, hartara, Amaia Iturriotz, Beñat Torres eta Uxue Fernandez bertsolariak. Hiruko honek bigarren aldia izan du Herriartekoan, 2017an ere izan baitziren -nahiz eta beste bikote batzuekin-.
Hala ere, hirugarren talde batek osatuko du eskualdeko finaleko lehia eta hurrengo kanporaketan erabakiko da hori. Ostiral honetan jokatuko da, hilak 20, Ataungo Oargin, eta aurreko bietan ez bezala, bi talde arituko dira nor baino nor: Manex Mantxola, Mikel Iturriotz eta Antton Fernandez bertsolari urretxuar-zumarragarrak, eta Aratz Igartzabal, Eneko Araiztegi eta Mikel Etxezarreta goierritarrak.
Hiru kanporaketetako irabazleak Goierriko finalean neurtuko dira, Lazkaoko Biziolan, martxoaren 7an, eta finala irabazten duenak, Tolosaldeko ordezkarien aurka izango du saioa, Zaldibian.

Ordiziako kanporaketako partaide guztiak.Hitza













